Onditz Esnaola bigarren, Euskal Herriko dantza txapelketan

Tolosaldeko Ataria

Argazkia: Goierriko Hitza.

50. Euskal Herriko dantza txapelketa jokatu zen larunbatean, Segurako Baratze pilotalekuan. Bederatzi bikotek parte hartu zuten, eta bigarren postua Onditz Esnaola lizartzarrak eta Gorka Granado sopelarrak lortu zuten.

Larunbatean, 50. Euskal Herriko dantza txapelketa ospatu zen Segurako Baratze pilotalekuan. Guztira, bederatzi dantza bikote aritu ziren arin-arin eta fandango lehian, eta tartean Onditz Esnaola lizartzarra izan zen. Gorka Granado sopelarrarekin batera parte hartu zuen, eta bigarren sailkatu ziren; lehenak Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrak izan ziren; eta hirugarrena, Lezoko Ane Jaunarena eta Endika Osa.

Ez zen lizartzarrak bere bikotearekin batera lortu zuten sari bakarra izan. Guillermo Areizaga saria –lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatu direnentzako saria– ere eraman zuten. Dantza jantzien saria, berriz, Azpeitiko Nora Aizpuru eta Iker Zabalak lortu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!