Jendetza elkartu da Lizartzako Askatasunaren Plazan gaurko ekitaldian. Ina Zeberioren senideak ez ezik, hainbat herritar eta eskualdetik joandakoak ere bertan ziren. Ekitaldiaren hasieran, Irlanda ekarri dute gogora: «Zuetako askok dakizuen moduan, Inaren txoko hauetan IRA-ko komandante izan zen Brian Keenanen errautsak ere badaude. Brian Irlandaren independentziaren aldeko borrokalari nekaezina izan zen. 2008an hil zen gaixotasun baten ondorioz, eta 2011z geroztik bere errautsen zati bat bertan dago. Izan ere, Irlandan eta Euskal Herrian helburu bera dugu: independentzia lortzea».
Bestalde, martxoan zendu zen Inaren ama ere izan dute gogoan: «Azken 28 urtetan, egunez egun bere alabarekin gertatu zena argitzeko borrokan aritu zena, duintasun osoz, nahiz eta azkenean ez zuen lortu». Ina, Brian eta Anttoniren omenez klabelin bana jarri dute Ina Zeberioren omenezko monolitoaren ondoan, eta bertsoak entzuteko aukera izan da ondoren.
Azken hamarkada honetan euskal jendarteak «ibilbide baikor eta eraikitzailea» egin duela azpimarratu dute, «benetako elkarbizitza eta askatasuna lortzeko bidean», eta gaineratu dute, ezker abertzaleak bere osotasunean ere, «urrats sendoak eta zintzoak» egin dituela, «gure herriak estatuekin duen gatazka politikoaren testuinguruan sorturiko min eta sufrikarioak aitortu eta arintzeko».
Zoritxarrez, diote badela oraindik «inpunitate guztiaren jabe sentituz, erabilitako indarkeria ukatu soilik ez, baizik oraindik okerragoa dena, ontzat eman eta zuritzen duena. Hamarnaka hildako eta zauritu eragin dituen, milaka torturatu eragin dituen, indarkeria bat justifikatu duena».
Gaur, 28 urte hauetan egin duten moduan, Inaren izena eta izana oroitu dute: «Argi izan behar dugu eta, memoriak egiten gaituela Herri. Memoriak egiten gaitu gu, egiten gaitu komunitate. Harro damaragu herritarron memoria, euskal borroka askatzaileen memoria, memoria bizia, berdea, gorria eta morea. Harro daramagu gure nazio izaeraren defentsaren memoria. Eta harro daramagu ere, baina baita minez, bidean utzitako hainbat lagunen aurpegi eta ausentzien memoria».
Honekin borroka ibilbide luze honetan dena eman duten lagun eta senideei aitortza egin diete: «Galtzaileen historia omen da gurea edo hori sinestarazi nahi digute batzuek, baina horren gainetik borroka baten ondorioa gara. Kolpe guztien gaoineratik, Euskal Herria estatu berrien mapan kokatu nahi duen mugimendua gara. Nazaio askapen mugimendua gara».
Aurreskuaren txanda iritsi da ondoren, eta bere saioa bukatu ostean, lore sortak eta klabelin gehiago jarri dituzte Ina Zeberioren omenezko monolitoaren ondoan, zehazki, 28 lore jarri dituzte, Ina Zeberioren hilketa izan zenetik pasa diren urteak irudikatuz.