Lizartzako Udalak euskararen Bikain kalitate ziurtagiria jaso du

Ataria 2025eko abenduaren 22a

Erakunde zein enpresa batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du Lizartzako Udalak. Kanpo ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen eta Eusko Jaurlaritzak banatzen duen ziurtagiri ofiziala da hori.

Irailean egindako ebaluazioaren ostean, Lizartzako Udalak goi maila egiaztatu zuen Bikain ereduaren arabera egindako kanpo ebaluazioan, izan ere, ebaluazioak erakundearen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila neurtu zuen. Hala, Eusko Jaurlaritzak Lizartzako Udalari aitortu dio euskararen erabilera hedatzeko orain arte egin duen lana.

Lizartzako alkatea den Iñaki Zapirainek jaso zuen ziurtagiria abenduaren 16an, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen egindako ekitaldian. Bikain ziurtagiri horrek udalak urteetan euskararekin izan duen konpromisoa aitortzeaz gain, udaleko langileen esfortzua eta lana saritzen ditu.

Bere aldetik, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordeak esan zuen ziurtagiriaren helburua euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten «ahalik eta entitate gehienen aitortza» egitea zela, euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua egiteko. Eta, erakunde publiko zein pribatuen konpromisoa eta lana azpimarratu ditu: «Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri horien bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!