Negua bitarte jarduera ugari izango dituzte Lizartzan

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 5a

Lizartzako Kalamatrike euskara eta kultura taldeko partaide diren Itziar Saenz de Ojer eta Maitane Lopetegi. LEYRE CARRASCO

Kalamatrike euskara eta kultura taldeak antolatutako ekitaldia izango da hurrengoa, Onintza Enbeitaren 'Bizitza baten txatalak' liburuaren aurkezpena.

Kultur eta kirol eskaintza zabala izan ohi dute Lizartzan, eta horien antolaketa beharrezkoa ikusten dute herriko eragileek. Hori dela eta, hiru hilabeteko programazio orokor bat osatu dute, Lizartzako Udalarekin elkarlanean. Bertan parte hartu dute, besteak beste, guraso elkarteak, herriko eskolak, Otsabio kirol elkarteak, Lizartzako Ostatuak eta Kalamatrike euskara eta kultura taldeak.

Hainbat jarduera egin dituzte dagoeneko; joan den astean, esaterako, dokumental baten proiekzioa, mendi irteera eta gau beltzaren ospakizuna izan zituzten. Ostiralean izango dute hurrengo hitzordua, Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena. Kalamatrike euskara eta kultura taldeak antolatu du saioa, eta udal aretoan egingo dute, 18:30ean.

Itziar Saenz de Ojer (Lizartza, 1976) taldekideak azaldu duenez, «azken urteetan interes handia jarri dugu lehen sektorean, iruditzen zaigulako kultura hori ere badela, eta horri espazio bat ematea garrantzitsua iruditzen zaigu». Horretarako baliatu dute ostiralean aurkeztuko duten Enbeitaren azken lana. «Emakume baserritarren istorioa kontatuko du, eta garai bateko bizimodua polita izan arren, uste dut bizipen gogorrak ere azaleratuko dituela», gaineratu du Maitane Lopetegi (Lizartza, 1978) taldekideak.

Euskara eta kultura taldeak beste bi hitzordu ere antolatu ditu: azaroaren 23an, Milagros eta Valentina nafar aktoreen antzerkia izango da ikusgai, 18:30ean, herriko gunean; eta, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko dute. Azken honetan beste egitarau bat osatuko dute, baina aurrerago zehaztuko dutela jakinarazi dute.

TALDEA HANDITZEKO DEIA

Herrian euskara eta kultura indartzeko beharra zegoela ikusita, herritar talde bat elkartu eta Kalamatrike euskara eta kultura taldea sortu zuten. Pandemia garaian hasi ziren proiektua garatzen, eta behin hori amaituta, jarduerak antolatzen hasi ziren. Taldeko lehen urteak gogoan ditu Lopetegik, «oso harrera ona izan genuelako, bai antolakuntzari dagokionez, eta baita herritarren parte hartzeari dagokionez ere».

Urtetik urtera, ordea, parte hartze hori gutxitzen joan dela gaineratu du Saenz de Ojerrek: «Gaur egun momentu baxu batean gaude, taldekide gutxi gaudelako. Udazkenean, esaterako, Kulturaldia antolatu ohi dugu eta inoiz baino ekintza gehiago izaten dira horren bueltan, baina aurten ekitaldi gutxiago antolatu ditugu; pertsona gutxiago gaudenez, indar gutxiago dugu, eta beraz, daukagunarekin aurrera egitea erabaki dugu».

Une honetan lau partaidek osatzen dute taldea; Saenz de Ojer eta Lopetegirekin batera aritzen dira Amets Esnaola eta Alazne Beristain herritarrak ere. Whatsapp taldea dute elkarrekin komunikatzeko eta ekitaldien berri emateko, eta, aldian behin, bileratxo bat egiteko elkartzen dira. Laukotea ondo moldatzen den arren, indartsu eta aktibo egon nahi dutela azpimarratu dute. Horregatik, taldekide berriak nahi dituzte eta taldera batzeko gonbita luzatu dute. Taldean gazte zein helduen presentzia gustura hartuko lukete, «ikuspegi ezberdinak izateko», baita gizonezkoren batena ere. «Taldearen sorreran gizonezko batek parte hartu zuen, baina geroztik ez da besterik egon eta horren profila ere faltan sumatzen dugu»», gainera du Lopetegik.

Era berean, gerturatu nahi duen ororentzat besoak zabalik dituztela argi utzi dute. Hortaz, Kalamatrike euskara eta kultura taldearen parte izateko interesa duten herritarrek udaletxera gerturatu edo taldekideekin harremanetan jarri daitezke.

EGITARAUA

  • AZAROAK 7, OSTIRALA
    • 18:30. Udal aretoan, Bizitza baten txatalak liburu aurkezpena eta solasaldia. Lehengo baserritarren bizimodua jasotzen duen testigantza liburuaren aurkezpena, Onintza Enbeitaren eskutik. Antolatzailea: Kalamatrike euskara eta kultura taldea.
  • AZAROAK 8, LARUNBATA
    • 19:00. Udal aretoan, Go!azen aurrestreinaldia. Antolatzailea: Lizartzako Udala.
  • AZAROAK 9, IGANDEA
    • 12:30. Lizartzako Ostatuan, Peppermint Sextet taldearen kontzertua. Antolatzailea: Lizartzako Ostatua.
  • AZAROAK 14, OSTIRALA
    • 17:30. Udal aretoan, Andragora Tolosako Emakumeen Etxearen aurkezpena. Antolatzailea: Lizartzako Udala.
  • AZAROAK 23, IGANDEA
    • 18:30. Herriko gunean, Milagros eta Valentina nafar aktoreen antzerkia. Antolatzailea: Kalamatrike euskara eta kultura taldea.
  • ABENDUAK 3, ASTEAZKENA
    • Euskararen Eguna (Aurrerago emango dute egitarauaren berri). Antolatzaileak: Kalamatrike euskara eta kultura taldea.
  • ABENDUAK 13, LARUNBATA
    • 18:30. Herriko plazatik, Urkitara mendi irteera. Antolatzailea: Otsabio kirol elkartea.
  • ABENDUAK 14, IGANDEA
    • 18:30. Herriko plazatik, Urkitara mendi irteera. Antolatzailea: Otsabio kirol elkartea.
  • ABENDUAK 24, ASTEAZKENA. GABON GAUA
    • 9:00. Baserriz baserri kantuan, Joxe Mariko parkinetik.
    • 18:00. Olentzeroren etorrera.
    • 18:30. Olentzeroren harrera, zimiterioan. 
    • Antolatzaileak: Guraso elkartea eta Lizartzako Udala.
  • ABENDUAK 26, OSTIRALA
    • 19:30. Lizartzako elizan, Landarbaso abesbatzaren kontzertua. Antolatzailea: Lizartzako Udala.
  • ABENDUAK 31, ASTEAZKENA
    • 16:30. Herriko plazan, San Silvestre krosa. Antolatzailea: Otsabio kirol elkartea.
  • URTARRILAK 1, OSTEGUNA
    • 09:30. Herriko plazatik, Otsabiora mendi irteera. Antolatzailea: Otsabio kirol elkartea.
  • URTARRILAK 3, LARUNBATA
    • 19:00. Lizartzako elizan, bertso saio musikatua. Bertsolariak: Maddalen Arzallus, Aissa Intxausti, Alaia Martin, Uxue Alberdi; Gai jartzailea: Ainhoa Larretxea. Antolatzailea: Lizartzako Udala.
  • URTARRILAK 5, ASTELEHENA
    • 19:30. Zimiterioan, erregeen etorrera. Antolatzaileak: Herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!