Dokumental proiekzioa eta mendi ibilaldia izango dira Lizartzan

Ataria 2025eko urriaren 28a

Ostegunean, Hatsa dokumentala ikusteko aukera izango da udaletxeko areto nagusian, eta igandean, Lizartzako inguruetan zehar mendi irteera egingo dute.

Lizartzako Otsabio kirol elkarteak jarduerak antolatu ditu aste honetara. Ostegunean izango dute lehen hitzordua; Josu Ozaita ibartarraren Hatsa dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Eusko Label Film Mikrolaburren Lehiaketako aurtengo irabazleetako bat izan da ibartarra. Hain justu, doktoretza tesiaren harira egindako hiru minutuko mikro-dokumentala da Hatsa, eta bertan txondorren prozesua jorratzen da. Dokumentalaren proiekzioaren ostean, lan horren nondik norakoak azalduko ditu Ozaitak berak.

Horrez gainera, igandean, mendi irteera egingo dute. Ohi moduan, bi ibilbide izango dira aukeran; 14 kilometroko ibilbide luzea –Lizartza, Pagoluze, Leozegaizto, Lapar eta Lizartza– edo 6 kilometroko ibilbide laburra –Lizartza, Pagoluze eta Ilarratsu–. Bi ibilbideetako parte hartzaileak 8:30etan abiatuko dira Lizartzako plazatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!