Herritarren beharrak eta iradokizunak bildu ditu udalak

Ataria 2025eko urriaren 28a

Udal ordezkariek auzo tertuliak egin dituzte Lizartzan eta, besteak beste, bideak konpontzeko iradokizunak edota zakurren gorotzen bilketaren kexak bildu dituzte.

Lizartzako udal ordezkariak udaletxeko lau paretetatik atera dira eta kalean bildu dira herritarrekin. Hain justu, Auzo tertuliak izena jarri dioten ekimena burutu berri dute, eta honen helburua kalean bertan herritarrei gertutik entzutea eta horien iritziak, beharrak eta iradokizunak biltzea izan dela azaldu du Iñaki Azpiroz alkateak. «Modu informalagoa eman nahi izan diogu, herritarrak gutxitan gerturatzen baitira udaletxera eta entzute-fase bat antolatu dugu, zalantzak edo gai zehatzak gertutik argitzeko».

Lizartzako kaleak eta auzoak kontuan izanda, gune ezberdinetan zehar egin dituzte saioak. Astelehenean, Sokatako parkean –Kale Nagusia, Gurutz Bidea eta Urondoa auzoak– eta Uetako Zubian –Lezialde eta Ermitalde auzoak– izan ziren, eta asteartean, berriz, Arrateko baserriaren aurrean –Elbarrena 7tik 18ra, Zumitzaldea, Errekaldea, Errekalde Azpikoa eta Eguzkibar baserria–, Arrateko zubian –Lartzalde, Ostatu Berri-Aldea, Mekolaldea eta Iruntzialdea– eta eliza atzean –Elizalde, Asuraldea, Basaitzaldea eta Ipintzaldea– elkartu ziren herritarrekin.

Gune batzutan nahiko parte hartze «kaxkarra» izan arren, gustora jardun direla adierazi du alkateak: «Jendeak interesa jarri du eta parte hartzaile batzuk buruan gai zehatz bat zutela gerturatu dira bilerara. Hala ere, ez dira gaia asko atera, eta herritar ugarik egiten ari garen lana zoriondu gaitu. Alegia, ez dugu belarri-tira nabarmenik izan eta hori poztekoa da». Besteak beste, bideak konpontzeko iradokizunak edota zakurren gorotzen bilketarekin kexak bildu dituzte. Orain, horiek aztertu eta erantzun bat ematen saiatuko direla gaineratu du.

Bigarren aldia dute auzo tertuliak antolatzen dituztela Lizartzan; aurreko legealdian egin zuten ekimena, lehenengoz. «Denbora dezente igaro da lehen saio hura egin genuenetik, baina bilera horietan atera ziren gaiak lantzen aritu garelako izan da. Aipatu beharra dago ez ditugula denak burutu, denbora falta edo brigadako kideak oso lanpetuta egon direlako izan da, baina ehuneko portzentaia handi bat exekutatu dugula esan daiteke», adierazi du alkateak.

Bestelako proiektuak

Beste hainbat proiektuekin aurrera dabil Lizartzako Udala. Horietako bat da haur eskola tokiz aldatu eta berritzearena. Orain arte Askatasunaren plaza 1 zenbakia egon da, baina laister kokapen berria izango du. Horretarako, udalak azken hilabetean lizitaziora atera zuen proiektua, baina alkateak ziurtatu duenez, «ez da inor aurkeztu». Horregatik, orain, bigarren planari eutsiko diogu eta obraren kontratazioa egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!