Pello Rubioren bizipenek jaso dituzte Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa liburuan, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek. Euskal Herriko 2005eko eta 2006ko bake prozesua Rubioren Elgoibarko Txillarre baserrian egosi zen, eta bertan egin zituzten otordu-bileren berri eman dute. Ostiralean, Lizartzako udal aretoan egingo dute aurkezpena, 18:00etan, eta horrekin batera dokumentala ere proiektatuko dute.
Ibaibarriagak esan du «kasualitate baten ondorioa» dela liburua: «Edurne iazko irailean Eibarko (Gipuzkoa) Arrate egun bezperako herri bazkarira joan zen eta Pelloren ondoan bazkaldu zuen. Ez ziren elkar ezagutzen, baina Pello bazkalostean anekdota batzuk kontatzen hasi zen nola Arnaldo Otegi edo Jesus Egiguren, besteak beste, bere baserrira joaten ziren». San Martin istorio horiekin txundituta geratu zen, eta hori guztia kontatzeko proposamena egin zion Rubiori. Honek ez zuenez ezetzik esan, eta Ibaibarriaga lagunari proiektuaren berri eman zion.
Hasieran liburu bat idazteko asmoa izan zuten arren, elkarrizketa hura dokumentatzea erabaki zuten bi idazleek. Hala, Rubiorekin egindako bazkari batzuen ostean «konfiantza» lortu eta Txillarrera joan ziren bi elkarrizketatzaileak kamerekin. «Bazkari horietan elkar ezagutu, konfiantza lortu eta gure asmoa zein zen azaldu genion, urte horietan bizipen oso gogorrak izan baitzituen, eta ez ziren edozeini kontatzeko modukoak», adierazi du.
BAKE PROZESU ISILA
1999. urtean Lizarra-Garaziko prozesua lehertu zenean, eta urtebete beranduago ETAk atentatuei berriz ekin zienean, Rubiok ezagun zituen alderdi sozialistako Paco Egea eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegi. Kanpoko giro bortitzari aurre egiteko, Txillarre baserriko sukalde epela eskaini zien Rubiok, eta Egearen ondotik batu zen Jesus Egiguren sozialista, eta beste hainbat gero. Mahai hartatik sortu ziren gero beste batzuk; Loiolakoa, Genevakoa edota Oslokoa, besteak beste.
Geroztik, Rubio «bigarren planoan» egon den figura bat dela dio Ibaibarriaga. «Txillarre baserriaren berri jakin zenean, bertan izan ziren politikariek hartu zuten protagonismoa, baina Pelloren ezkutuko lanak ez du oihartzunik izan eta Edurnek eta biok hori goraipatu nahi izan dugu lan honekin. Hala ere, gu ez gara titularren bila joan, pertsona bezala bere sentimenduak eta bizipenak azaleratu ditugu».
AURKEZPEN EKITALDIAK
Dagoeneko hainbat aurkezpen ekitaldi egin dituzte zenbait herritan, eta Ibaibarriaga pozik agertu da harrerarekin: «Jendearen erantzunarekin oso eskertuta gaude, jakin-mina sortu duen istorioa baita. Baliteke belaunaldi berrientzat duela 25 urte sortutako gertaera hau atzean geratzea, baina bai dokumentalean eta baita liburuan ere testuinguru bat ematen saiatu gara denek ulertu dezaten nondik datorren hau dena».
Bihar Lizartzako udaletxean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 19:00etan hasita. Bertan bi egileak izango dira, baita Rubio bera ere. Liburua aurkezteaz gain, dokumentala ere proiektatuko dute. Hala ere, datozen hilabeteetan eskualdeko beste hainbat herritan egingo dituzte aurkezpenak; azaroaren 7an Anoetan, abenduaren 10n Tolosan, eta otsailaren 6an Altzon izango dira.
Horregatik, aurkezpen ekitaldietarako gonbita zabaldu du Ibaibarriagak: «Egea eta Otegi izan ziren lehenak Txillarre baserriko mahaian eseri zirenak, eta horiek noiz eta nola ezagutzen dituen jakingo dugu, baina mahai horretatik zein beste pertsona igaro diren ere ikusiko dugu, eta noski, Pellok zein rol zuen jakingo dugu, herri honen bakegintzarako ezinbestekoa izan zen konpromisoa hartu baitzuen».