Herrigunea eta Irunzubi industria gunea loturik

Ataria 2025eko uztailaren 23a

Duela hilabete batzuk oinezko eta bizikletentzako bidea eraiki zuen Lizartzako udalak, modu ez motorizatuan eta seguruan joan ahal izateko.

Orain arte udalerritik industria gunera iristeko modu bakarra auto partikularra edo GI-2135 errepide arriskutsua erabiltzea zela azaldu dute Lizartzako Udaletik. Arazo horri buelta bat eman eta duela hilabete batzuk udalak oinezko eta bizikletentzako bidea eraiki zuen, herrigunetik Irunzubi industria gunera modu ez motorizatuan eta seguruan joan ahal izateko.

Bidearen eraikuntzan material birziklatua erabili dutela azpimarratu dute udaletik, eta bidearen trazatua dagoeneko existitzen zen herri bide bati jarraiki osatu dute. Neurri hauen bitartez obraren ingurumen inpaktua neurri oso handian murriztu da.

Proiektu hau aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lortu du udalak. Azken honen kasuan Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 2023ko garapen jasangarria lortzeko diru laguntza lortu da, zehazki, 53.694,40 euroko diru laguntza izan du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!