Espainiako Auzitegi Nazionalean sei euskal herritar epaituko dituzte ekainaren 23tik 26ra Ongi Etorrien auziagatik. Horien artean dago Haimar Altuna. Guardia Zibilak 2020ko urtarrilean atxilotu zuen lizartzarra, beste hiru euskal herritarrekin batera, eta ondoren, 2021ean beste bi euskal herritar atxilotu zituzten, «erakunde kriminal bat zuzentzea» eta «biktimak umiliatzea» egotzita.
Epaiketa konplexu bati aurre egin beharko die sei auzipetuek. Carlos Garcia-Berro Auzitegi Nazionaleko fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatzen dio auzipetu bakoitzari eta akusazio partikularrak, berriz, AVT, Dignidad y Justiciak eta Alderdi Popularrak, bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen dute auzipetu bakoitzarentzat.
Bada, batzar irekia egin zuten atzo Lizartzan, epaiketaren inguruko informazioa jaso eta Ongi Etorrien auziaren sei auzipetuei babesa eskaini eta animoak emateko. Bertan parte hartu zuen Altunak eta epaiketari «lasaitasunez» aurre egiten diola eta konponbidearen alde lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuen, «elkarbizitzaren alde, biktima guztiek behar dute aitortza eta erreparazioa, eta ezinbestean, preso, iheslari eta deportatu politiko guztiek etxeratzea».
Epaiketak irauten duen bitartean, Lizartzan babesa eskainiko diete auzipetuei eta horretarako beste bi hitzordu iragarri dituzte; ekainaren 23an, epaiketaren lehen egunean batzar informatiboa egingo dute herriko plazan, 19:30ean; eta ekainaren 26an, epaiketa bukatu ondoren, herriko plazan elkartuko dira berriro, 20:00etan. Bertan Altuna bera egotea aurreikusi dute Madrildik itzuli ondoren.