Herritarrei eskaintzen zaien kirol zerbitzuak hobetzeko helburuarekin abiatu zituzten, pasa den urtean, Lizartzako gimnasio berriko obrak eta otsailaren 25ean zabaldu zuten. Aztinondo pilotalekuaren harmaila gunean aurkitzen da 72 metro koadroko azalera duen gimnasio berria, eta bertan kirol material eta ekipamendu ezberdinak instalatu dira. Horrekin batera, harmailak ere berritu dituzte.
Goiko gunea isolatuta geratu dadin, «kristalezko itxitura bat» ezarri dutela azaldu du Iñaki Azpiroz alkateak. Horrez gainera, gimnasioa bi gunetan banatu dute. Batetik, kardio gunea aurkitzen da, eta korrika egiteko bi zintek, txirrina bertikal batek, indoorreko txirrina batek, eliptika batek eta arraun makina batek osatzen dute gunea. Bestetik, indar gidatuko gunea dago, eta bertan, polea dualeko makina bat, zangoak tolestu eta luzatzeko makina bat, bular eta deltoide konbinatuetako makina bat eta goi muskulaturarako makina bat ere aurkitzen da.
Gimnasioak ordutegi zabala du, «herritarrak ordutegi horren barruan independenteki sartu eta irten ahal izateko asmoz». Astelehenetik igandera arte egongo da gimnasioa zabalik, 06:00etatik 22:00ak arte. Izena emateko interesa dutenek udaletxean egin beharko dute. Urteko kuota 72 eurokoa izango da, baina irekiera atzerapena dela eta, aurtengo kuota 60 eurora murriztu dute. Hiruhileko kuota, berriz, 25 eurokoa izango da.
Arauei dagokienez, gimnasioan izena eman nahi dutenek 16 urte beteta edukitzea beharrezkoa izango dute eta sarrera txipa ezingo zaio erabiltzaile ez den beste pertsona bati utzi. Arauak hausten dituzten erabiltzaileei baja emango zaie. Udaletxean izena ematen dutenei arauen dokumentua emango zaie.
Dirulaguntzak
Proiektuak, guztira, 140.702,16 euroko kostua izan du eta udalak iazko Erein programaren bitartez jasotako 69.458,06 euroko dirulaguntzarekin burutu du. Horietatik 13.891,61 euro Eusko Jaurlaritzaren funtsetatik eratorriak izan dira eta 55.566,45 euro Europar Batasunetik.