Euskal eta amerindiar kulturen arteko doinu fusioa, Lizartzan

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Claudine Arhancet, Darlene Gijuminag eta Mixel Etxekopar, Loraldian eskaini zuten ikuskizunean. LORALDIA

Darlene Gijuminag mikmak musikariak eta Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrek 'Lurretik Lurrera' ikuskizuna aurkeztuko dute ostiralean, 18:00etan, Lizartzako udal aretoan.

Darlene Gijuminag mikmak musikariak eta Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrek osatutako hirukoteak ordu beteko bidaia musikala eskainiko dute Lizartzan. Lurretik lurrera izenburupean, XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Ternuako mikmak komunitatearen arteko lotura historikoan oinarrituko da hirukotea.

Etxepare Euskal Institutuak sustatu zuen proiektu hau Saison Quebec Pays Basque ekimenaren baitan, eta Montrealeko Centre des Musiciens du Monde-n sortu zen 2022an. Mondrealen bertan estreinatu zuten ikuskizuna eta Quebecen egin zuten bigarren saioa. Urte honetan, berriz, bira abiatu dute eta ostiralean Lizartzan egingo dute hori aurkezteko parada. Udal aretoan egingo dute, 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da, bi herrien arteko elkarrizketa artistiko eta kulturala publiko zabalarekin partekatzeko asmoz.

Euskal arrantzaleek eta mikmak herriak algonkin-euskara pidgina sortu zuten, elkarren arteko komunikazioa errazteko. «Harreman hura, itsasoaren eta lurraren sakontasunetik sortua, oraindik ere inspirazio iturri» dela diote sortzaileek. «Badakigu baina ez gara ohartzen autoktono horiek zer pairatu duten, eta oraindik ere pairatzen jarraitzen dute beren izan eta izenaren duintasunez bizitzeko. Lotura oso naturala izan du euskal kulturarekin, bereziki, Zuberoako kantu eta musikarekin».

Lurrak duen garrantzia eta haren inguruko elkarrizketa ditu oinarri Lurretik Lurrera proiektuak. Hala, Zuberoako eta mikmak herriko musikariek beren sustraietatik sortutako doinuak elkartzen dituzte, ikusleak iraganeko eta oraingo elkarrizketa horren partaide bihurtuz. «Darlenek amultsuki erabiltzen ditu haurtzaroan ikasitako sehaska kantuak, bai eta kolonizazio ingurumarian erabilia izan den haur kantu bat birsortzen du ere. Europan ere xaramelatu dugun kantua birkokatzen du duintasunez, kontzientziak piztu nahian», azaldu dute zuberotarrek.

Mikmak herriko abeslari eta musikari ospetsua da Darlene Gijuminag. Bere herriaren tradizioak eta sustrai espiritualak musikaren bidez transmititzen ditu eta Montrealeko Centre des Musiciens du Monde-n egindako lanak nazioarteko errekonozimendua ekarri dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!