Martxan da Zumitza berri-Zalakain bidea argiztatzeko proiektua

Ataria 2025eko urtarrilaren 29a

Farola fotovoltaiko bat ipini dute proba modura eta emaitzak otsailean izatea aurreikusten du Lizartzako Udalak.

Herrigunea eta industriagunea lotzen dituen bide berdea eraiki du Lizartzako Udalak. Udaberrian aurkeztuko dute, eta gune hori herritarren eskura «ahalik eta egokien» jartzeko hobekuntzak egiten ari da udala. Esaterako, bidea argiztatu nahi dute, eta orain, farola fotovoltaikoekin probak egiten ari direla azaldu du Iñaki Azpiroz alkateak.

Hain justu, Zumitza berri baserritik Zalakain baserrira doan gunea argiztatu nahi dute. Horretarako, une honetan, plaka fotovoltaikoak bertan ipini daitezkeen aztertzen ari dira. Gune hori «nahiko ospela» dela esan du alkateak, eta farola bat ipini dute froga modura. «Negua aprobetxatu nahi genuen eguraldi kaxkarrenak edo eguzkitsuak ez diren datak direlako eta gune horretan farola mota horiek zein argiztapen edo karga aukera duten aztertu nahi dugu. Ondoren, horrek ematen digun emaitzarekin gauzatuko dugu proiektua», gaineratu du.

Guztira, 25 metroko distantzian egongo diren 25 farola fotovoltaiko inguru jarriko dituzte. Gabonen aurretik abiatu zuten proba eta «pozik» agertu dira momentuz biltzen ari diren datuekin. «Ez dugu inongo arazorik izan eta dena bide berean badoa emaitzak datorren hilean izango ditugu eskura», esan du alkateak.

.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!