Datorren igandean abiatuko dute Lizartzako udazken kulturala

Ataria 2024ko urr. 21a, 11:05

Irulegiko aztarnategira bisita gidatua egingo dute; aurretik eman beharko da izena udaletxean, urriaren 30a baino lehen.

Lizartzako udazken kulturala antolatu dute, Lizartzako Udalak eta Kalamatrike kultura eta euskara taldeak elkarlanean. Ohi moduan, ekintza ugari izango dituzte azaroan zehar. Lehena, datorren igandean, azaroaren 3an egingo dute. Hain justu, herriko plazatik abiatuko dira 8:30etan eta Irulegiko aztarnategia ezagutzera joango dira, Aranzadiko arkeologoen eskutik. Bisita gidatuak hiru eta lau ordu bitarteko iraupena izango du. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena udaletxean, urriaren 30a baino lehen. Helduek 12 euro eta 16 urte beherako gazteek 3 euro ordaindu behar izango dute.

Bigarren ekintza urriaren 6an, asteazkenean, izango da, 18:30etan, udal aretoan. Zaindu, Elikatu eta Berotu izenburupean, gaztainondoaren kulturak Euskal Herrian izandako garrantziaz ariko dira, Tolosaldeko kasua aintzat hartuta. Akaitz Sarasola lizartzarrak eta Aintza Kortajarena asteasuarrak gidatuko dute saioa.

Azaroaren 8an, ostiralean, Errigoraren Agerreko uzta euskarari puzka kanpaina abiatuko dute, 19:00tan, herriko ostatuan. Beste urtebetez Lizartzan bertan zuen kaxa eskatzeko aukera izango dute herritarrek. Aurten, ordea, kaxa bat zozketatuko dute bingo bidez.

Azaroaren 17an, igandean, Kutxidazu bidea Ixabel antzerkia ikusteko aukera izango da, 19:00tan, herriko gunean. Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldearen antzezlana da, Ester Poveda zuzendariaren gidaritzapean.

Azaroaren 21ean, ostegunean, Zibernaut izeneko sagardo eta garagardo dastaketa egingo dute, 19:00tan, herriko ostatuan. Artisau garagardoaren munduan ikasia den eta 2019az geroztik sagardoaren mundua uztartu duen Txarlo Gasteiraren eskutik egingo dute dastaketa. Interesa dutenek aurretik eman beharko dute izena udaletxean, azaroak 18a baino lehen. Bost trago eta hiru pintxo hartzeko aukera izango dira, 10 euroren truke.

Azkenik, azaroaren 22an, ostegunean, Insumisas ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da, 19:00tan, udal aretoan. Mendebaldeko Saharako emakumeen borrokari buruzko dokumentala da, Euskal Fondoaren eskutik. Horren ostean hitzaldia eskainiko dute J.M. Balerdik eta Itsaso Anduezak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!