Irati Zabala Hiru Hiriburuak txapelketako finaletik kanpo geratu da

Ataria 2024ko urr. 7a, 13:02

Pilotari lizartzarrak, Arrizabalaga aurrelariarekin batera, 17-22 galdu zuen Zabaleta-Mendizabal bikoaren aurka.

Hiru Hiriburuak torneoak, denboraldiko intentsoenak, ezagutzen ditu dagoeneko pilota mistoko eliteko finalak jokatuko dituzten bikoteen izenak. Arraiza-Gaminde eta Zabaleta-Mendizabal lehiatuko dira hurrengo igande eguerdiz Gasteizen, Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatutako finalerdietan Etxegarai-Oses (22-12) eta Arrizabalaga-Zabalari (22-17) irabazi eta gero. Emakumeen esku pilotarentzat leku berezia bihurtu da Bizkaiko hiriburuaren erdialdean kokatutako pilotaleku xarmanta eta atzo ere giro itzela egon zen, harmaila guztia beteta.

Lehen finalerdian, Arraiza eta Gaminderi lehen pilotakadatik ikusi zitzaien finalista aurpegia. Hasiera-hasieratik oso bikote sendoa osatu zuten, Laukizkoa atzean oso seguru eta Arraiza borrokalari eta eraginkor. Saiatu zen Madalen Etxegarai aurre egiten eta partida polita jokatu zuen, baina Osesi kosta egin zitzaion frontoian bere lekua topatzea, batzuetan motz geratu zen eta beste batzuetan pilotak harrapatu egiten zuen eta huts batzuk pilatu zituen.

Bigarren finalerdian, Arrizabalaga eta Zabalak estutu zituzten aurkariak baina azkenerako amore eman behar izan zuten. Lehia orekatua joan zen oso lehen erdian, berdinketa ugarirekin, baina hamahiruna berdindu ostean urdinek alde egin zuten markagailuan eta merezimenduz nagusitu ziren. Ezbairik gabe, Goiuri Zabaleta izan zen partidako pilotaririk onena, sendo, eraginkor eta tanto izugarri politak amaituz.

Olatz Arrizabalagari, urduritasunak eraginda, pilota batzuk txapapera ihes egin bazioten ere, sakez –dozena erdi bat sake sartuko zizkion Mendizabali– min egin zion Mendizabali eta Zabalak ez zuen bere egunik onena izan defentsan. Mendizabalek errestoan arazoren batzuk izan bazituen ere, azkenerako partida txukuna osatu ahal izan zuen.

Ikusitakoak ikusita, final ikusgarria espero da datorren iganderako Gasteizen, ETB-ko kamerak zuzenean eskainiko duten jaialdian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!