Irati Zabalak 3 Hiriburuko finalerdia jokatuko du igandean

Ataria 2024ko urriaren 4a

Bilbo emakume pilotarien esperantzen biltoki izango da berriz ere 3 Hiriburu txapelketako finalerdiekin.

Atanoko pilota maratoiaren ostean, Bilbori dagokio orain Gasteizko finaletarako txartelak banatzearen txanda eta emakumezkoen esku-pilotaren txoko berezia bilakatu den Esperantza pilotalekuak hartuko ditu, igande honetan, maila desberdinetako finalerdiak. Bere neurri eta kokalekuari esker, hiriaren erdi-erdian kokatua, Bizkaiko hiriburuko pilotaleku apaina emakumezkoen esku-pilotarentzat kantxa magikoa bihurtu da eta kirol honetan diharduten adin guztietako emakumeen amets eta ilusioak bertan batuko dira beste behin.

Bilbokoa ere egun osoko pilota jaia izango da. Goizean eliteko pilotarien txanda izango da eta 12:00etatik aurrera bi finalerdi handi ikusteko modua izango dugu bertan. Hasteko, Udako Master Laboral Kutxa txapelketa elkarrekin irabazi zuten Madalen Etxegarai eta Enara Gaminde elkarren aurka arituko dira oraingoan. Oñatiko aurrelariak Uxue Oses herritarrarekin osatuko du bikotea eta egungo atzelaririk onenak, aldiz, Mirian Arraiza donostiarra izango du lagun parekatua aurreikusten den partidan.

Bigarren finalerdian, aldiz, egungo bi aurrelaririk ikusgarrienen arteko lehia ikusiko dugu, Olatz Arriazabalaga eta Goiuri Zabaleta aurrez-aurre arituko baitira. Gernikarrak Irati Zabala izango du bizkartzain eta Logroñoko pilotaririk onena izan den goizuetarrak Mendizabalen laguntza izango du.

Arratsaldean, aldiz, promesen bi mailetako finalerdiak jokatuko dira, txapelketa honek emakumeen esku pilotaren errealitate guztien erakusleiho izan nahi baitu. A mailan Alize Sagardui-Uxue Gomez / Maddi Ugalde-Udane Ozaetak eta Eider Perez-Naia Uriarte / Itxaso Iparragirre-Maria Balerdik jokatuko dituzte finalerdiak, gazteen B mailan Intza Arruti-June Zabalak / Ezki Aristi-Ainhitze Arratibel eta Lur Egizabal-Nora de Vega / Elene Uribesalgo-Irati Antolinek eta promesetan June Urrutikoetxea-Amaia Zarrabeitia / Iria Madariaga- Malen Lamadrid eta Olatz Insausti-Irati Betegi / Marta Gomez-June Berasaluzek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!