Lizartzako pilotalekuan obrak hasi dituzte

Ataria 2024ko irailaren 30a

Datozen hilabeteetan obrak burutuko dituzte Aztinondo pilotalekuko harmailetan. Goiko zatian, berriz, gimnasio txiki bat jarriko dute eta abendu bukaerarako prest izatea aurreikusten du udalak. Obrak irauten duen bitartean kantxa erabiltzeko arazorik ez dela izango esan dute.

Berrikuntzak egiten ari dira Lizartzako Aztinondo pilotalekuan. Harmailak berritu eta gimnasioa jarriko dute goiko zatian. «Gune hori isolatuta geratu dadin, kristalezko itxitura batekin egiteko asmoa daukagu», azaldu du Iñaki Azpiroz alkateak. Gimnasioak ordutegi zabala izango duela gehitu du Azpirozek; «herritarrak ordutegi horren barruan independenteki sartu eta irten ahal izatea da asmoa».

Gimnasioa bi gunetan banatuko dute. Batetik, kardio gunea edukiko du, eta bertan, korrika egiteko bi zinta, txirrina bertikal bat, indoorreko txirrina bat, eliptika bat eta arraun makina bat egongo dira. Bestetik, indar gidatuko gunea egongo da, eta bertan, polea dualeko makina bat, zangoak tolestu eta luzatzeko makina bat, bular eta deltoide konbinatuetako makina bat eta goi muskulaturarako makina bat egongo dira.

Prozesuak bi fase izango ditu. Obra abendurako amaitzea aurreikusi dute, eta hori amaitzean, gimnasioko arautegia eta funtzionamendua diseinatzen hasiko dira.

Obra lizitazio bidez egin dute. Otegi eraikuntzak egingo du obra guztia, eta aurrekontua 97.950,42 eurokoa da. Gimnasioko hornidurari dagokionez, Argysan Fitness & Wellness enpresaren bidez kudeatu dute, eta horren aurrekontua 33.033 eurokoa izan da. Udaletik esan dutenez, Erein programaren bitartez,  69.458 euroko diru laguntza jaso dut udalak, proiektua gauzatu ahal izateko.

Oharra: hurrengo argazkiek etorkizuneko gimnasioa irudikatzen dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!