Pirinioetara egingo dute azken irteera lizartzarrek

Ataria 2024ko eka. 11a, 14:59

Otsabio Kirol Elkarteak antolatutako 'Ezetz 4!' erronka amaitzear da, eta hain justu, ekainaren 22 eta 23an egingo dute azken irteera Pirinioetara. Izena emateko azken eguna osteguna izango da.

Hurrengo asteburuan, ekainaren 22 eta 23an, azken irteera egingo dute Ezetz 4! erronkan parte hartzen ari diren lizartzarrek. Larunbatean, goizeko 06:00etan abiatuko dira kotxeetan, eta Pirinioetara iristean, ohi bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran. Ibilbide motzean umeekin Arlas mendira joango dira eta hiru edo lau ordu inguruko iraupena izango duen buelta izango da. Ibilbide luzeak, berriz, zazpi ordu iraungo ditu eta Auñamendia igoko dute.

Igande goizean beste bi ibilbide egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Batetik, umeekin Zemeto ibilbidea egingo dute eta bi orduko iraupena izango duen buelta izango da. Bestetik, Lakorako ibilbide luzea egiteko aukera ere izango da, eta buelta honek lau orduko iraupena izango du. Igande arratsaldean Lizartzara egingo dute buelta, eta etxera 18:00etan iristea aurreikusten dute antolatzaileek.

Larunbatetik iganderako gaua Belaguako aterpetxean igaroko dute, eta prezioaren barruan sartuko da larunbateko afaria eta igandeko gosaria ere; helduek 43,50 euroren truke, eta 14 urtez azpikoek, berriz, 35,50 euro ordainduta. Bi egunetako bazkariak norberak eraman edo antolatu beharko dituela jakinarazi dute antolatzaileek.

Izena emateko azken eguna osteguna izango dute udaletxean edo 638 889 163 (Nagore) telefono zenbakiari 20 euroko Bizuma eginda. Informazio gehiago jasotzeko 659 706 521 (Eneko) telefono zenbakiari deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!