Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu «ongietorrien» auzian

Ataria 2024ko mai. 23a, 17:22

Oihana Garmendia eta Haimar Altuna, 'Kalera Info' aldizkaria eta webgunea itxi zutenean eginiko agerraldian.

Fiskalak sei lagunen kontrako espetxe zigorrak eskatu ditu, 2016 eta 2020 bitartean euskal presoei egindako harrera ekitaldiengatik; tartean da Haimar Altuna lizartzarra.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu sei euskal herritarrentzat, erakunde kriminal bateko kide izateaz eta terrorismoa goresteaz akusatuta. Zehazki, Carlos Garcia Berro fiskalak Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Kai Saez de Egilaz, Antton Lopez Ruiz eta Felipe San Epifaniori leporatu dizkie delitu horiek, 2016 eta 2020 artean egindako «ongietorriengatik».

Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek apirilaren hasieran itxi zuen auziaren instrukzioa, eta sei kide horiek epaitzea proposatu, argudiatuta «modu sistematikoan» antolatu zituztela «presoak omentzeko ekintzak» 2016tik 2020ra bitarte, Kalera Kalera dinamika eta bestelako gizarte mugimendu batzuk baliatuta. Orain, EFE albiste agentziak argitaratu duenez, fiskalak bide bera hartu du auzitegira bidalitako idatzian, eta ahozko epaiketa irekitzeko eskatu —urtarrilean ere egin zuen eskari bera; orduan, prozedura laburtura igarotzeko autoa emateko eskatu zuenean—. Zehazki, sei lagunentzat hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu «erakunde kriminal bat osatu eta zuzentzeagatik», eta bi urte eta hilabete batekoak «biktimak umiliatzeagatik eta terrorismoa goresteagatik». Instrukzio aldian, baina, hamabost lagun inguru izan zituzten ikerketapean.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!