Telegram aplikazioa erabiltzen ikasteko saioa egingo dute ostegunean, Lizartzan

Ataria 2024ko maiatzaren 8a

Telegram aplikazioak ematen dituen aukerak ezagutzeko saio praktikoa egingo dute ostegunean, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.

Euskara eta kulturartekotasuna gure hezkuntza komunitatean izeneko egitasmoa abian da Lizartzan. Proiektu honen helburua bikoitza dela azaldu du Lizartzako Udalak: "Lizartzan euskara komunikazio-hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea eta haien parte hartzea bultzatzea".

Horretarako, egungo aukera eta baliabide ezberdinen berri emateko asmoa izango du udalak, eta ostegunean izango dute horretako lehen saioa. Hain zuzen, Telegram aplikazioak ematen dituen aukerak erakutsiko dituzte, 18:00etatik 19:00etara, udaletxeko pleno aretoan. Parte hartzen dutenek aplikazioa instalatu beharko dute. Saiora aurikularrak eramatea eskatu du udalak, eta aldibereko itzulpena egingo dutela jakinarazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!