ELKARRIZKETA

«Ez dut uste musika ikasketa ofizialik ez edukitzeak ezertan mugatu nauenik»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mai. 12a, 07:59

Garazi Esnaola musikaria, Tolosan. A.A.A.

Izaron eta Janus Lesterren hartzen du parte Garazi Esnaola piano jotzaileak; bospasei urte zituela eman zituen lehen pausoak musikan.

Txiki-txikitatik musikaz inguratuta oroitzen du bere burua Garazi Esnaola (Lizartza, 1992) musikariak. Aitarekin jolasean hasi zen lehen doinuak eta erritmoak barneratzen eta, gaur egun, Izarorekin eta Janus Lesterrekin aritzen da pianoa jotzen, besteak beste. Aurretik, ordea, beste hainbat musika taldetan ere aritu da, horien artean, Kantuki, Margot eta Eraul. Pianoa du «berezko instrumentu», haren hitzetan, «benetan» jotzen dakien bakarra, eta ez omen dauka gustuko ez duen musika estilorik. Ofizioz, hezkuntza bereziko irakaslea eta, pasioz, musikaria. Zabal aritu da ibilbideaz, gaur egungo proiektuez eta egunerokoaren nondik norakoez.



Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Etxetik: aita musikaria eta musika irakaslea da, eta gure etxean beti egon da musika; instrumentuak ere eskura egon dira beti. Nik uste horregatik izan dela: hazi naizela ia-ia musikaz inguratuta. Jaio orduko nire etxean beste gauzarik ez da egon; zaletasuna hortik datorkidala esango nuke.

Gogoan al duzu pianoa jo zenuen lehen momentua?

Ez, ez naiz gogoratzen. Kontatu didatenaren arabera bospasei urterekin edo instrumentuetara gerturatzen hasi nintzen aitarekin; adin bat esateagatik, ez baitaukat argi noiz hasi nintzen. Etxean ikasi dut nik eta txiki-txikitatik erdi jolasean bezala aritzen ginen, jotzen eta jotzen. Gurasoekin bizi nintzen aurreko pisuan bazegoen piano bat eta gogoan dut nola ezin iritsiz ibiltzen nintzen, kuxin bat jarrita-eta... Halako gauzez gogoratzen naiz, baina zehazki lehen egunaz, ez.

Zure aitarengandik jaso al duzu, hein batean, zaletasuna?

Aita musikaria eta ama ere musika zalea... Horrez gain, herrian ere musikari asko egon dira. Nire inguruan, orokorrean, musika asko egon da. Horrek eragin du zaletasuna sortzea eta, harago, nire bizitzaren zati handi bat musikaz inguratuta pasatzea, mota askotako musika entzutea...


KMK 2023 Oreretan, Janus Lesterrekin. EKAITZ ANDA


Gerora ibili naiz proiektu ezberdinetan, eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut horietan; eskualdetik hasi eta, geroago, Donostia aldean mugitu naiz gehiago. Azkenean, horrek eragin du bete-betean nik egun osoa pasatzea musikarekin erlazionatutako gauzak egiten.

Hainbat instrumentu jotzen dituzu, baina pianoa da zure berezko instrumentua, ezta?

Bai. Benetan jotzen dakidan bakarra esango nuke pianoa dela [barrez]. Jakin-min handikoa naiz eta asko gustatzen zait gauza ezberdinak probatzea. Lehen aipatu dudan bezala musika asko entzuten dut eta mota askotakoa, orduan, musikaren arabera saiatzen naiz gitarra hartzen eta gauzak probatzen edo, ez dakit... Aitak akordeoia ere jotzen zuen; etxean beti egon da akordeoia eta askotan jo dugu. Eskura izan ditudan gauza horiekin saltsan ibiltzea beti gustatu izan zait.

 

«Eskura izan ditudan gauza horiekin saltsan ibiltzea beti gustatu izan zait»



Musikari izatez gain hezkuntza bereziko irakasle ere bazara. Nolakoa da biak uztartzea?

Egia esan, zorte handia dut nire lankideekin eta lantokiarekin. Ulertzen dute nire pasio handi bat edo bizitzako beste zati handi bat musika dela, eta ordutegiekin-eta ahalbidetzen didate bi gauzak egin ahal izatea. Ikaragarri eskertzen diet nola ulertzen duten egoera, eta nola lortzen dugun ordutegiak egokitzea, esate baterako, kontzerturen baterako pixka bat lehentxeago atera behar badut, besteren batek egiten dit mesedea; gero itzultzen diot, jakina. Baina eskertzekoa eta asko, gainera.


Izarorekin 'Cerodenero' diskoaren aurkezpenean, Kursaalean urtarrilean. IRATXE ETXEANDIA


Aipatzen duzunagatik ia zazpi laneguneko asteak izango dituzu batzuetan.

Egun oso librerik ez dut izaten, baina egia da gero badakigula tartetxoak hartzen eta horiek aprobetxatzen. Kontzertuetara joaten garenean lanera goaz, baina, aldi berean, lagun talde handi bat daukagu eta zorte handia dut horretan ere. Orain esku artean ditudan bi proiektuetan, lankidez harago, lagun handiz inguratuta nago. Musikaren barruan, baina oso ondo pasatzen dugu.

 

«Orain esku artean ditudan bi proiektuetan, lankidez harago, lagun handiz inguratuta nago»



Egin al duzu musika ikasketa ofizialik?

Musika ikasketa ofizialik ez daukat, ez. Nik musika etxean ikasi dut, lehen aipatu bezala, aitarekin eman nituen lehen pausoak eta, gerora, nire kabuz jarraitu dut ikasten. Talde asko entzuten aritzen naiz, gauzak probatzen... Autodidakta samarra izan naiz, zentzu horretan. Hezkuntza munduko ikasketak egin ditut eta, nolabait, ikasketa ofizialen arlo hori bide batetik egin dut, eta musika izan da denbora horretan guztian nirekin egon den zerbait, zeina ikasten joan naizena, baina beste modu batera.

Ikasketa horiek ez izateak nolabait mugatu zaituela esango zenuke?

Musikako ikasketa ofizialek zabaltzen dizkizute ate batzuk, musikaren arlo jakin batzuetan. Baina landu dudan musikan edo orain nabilen arloan ez dut uste musika ikasketa ofizialik ez edukitzeak ezertan mugatu nauenik. Argitzeagatik, arlo horiek lirateke zuzeneko musika, momentu honetan, pop proiektu batzuetan nabil, besteak beste, Izaro eta Janus Lester.

Bestalde, gauza batzuetan askatasun gehiago ere eduki dugu, ezjakintasunetik abiatzen garenez gauza batzuk probatzea, agian, errazagoa da guretzat. Alde on hori ere ikusten diot.

16 urterekin sortu zenuen lehen musika taldea eta ordutik hainbatetan ibili zara. Batzuk aipatzeagatik: Kantuki, Margot, Eraul... Zer eman dizu horrek?

Nik uste hor ikasten duzula benetan. Lehen aipatu bezala, ikasketa ofizialik ez dut, baina horiek izan dira nire benetako ikaskuntza. Proiektu horiek guztiek eman dizkidate oso lagun onak, eta musikari ezberdin pila batekin jotzeko aukera; eta hortik ikasten duzu. Badirudi, askotan, pianoa jotzen ikasi behar duzula beste piano jotzaile batekin, baina ez dut uste horrela izan behar denik. Esango nuke beste instrumentu batzuk jotzen dituen jendearekin aritzea oso aberasgarria dela. Saia zaitezke beraiek egiten dituzten gauzak egiten eta probatzen ea elkarrekin zein gauza lor daitezkeen. Hori musikari bezala.

Horrez gain, taldean ibiltzean gauza asko ikasten dira; bai musikan, eta baita beste edozein arlotan ere, izan kirol taldeetan edo dena delakoan. Elkarbizitza, erabakiak hartzea, gauzak aurrera ateratzea... Ez da zerbait sortzea bakarrik, horrez gain antolatu behar dira gauza asko: furgonetak, lanak nola banatu behar ditugun... Badago hor beste lanketa bat, eta talde horietan guztietan jende ezberdinarekin lan egiten duzunean eskuratzen dituzu tresna asko, zeinak gero baliagarriak diren beste jende batekin lan egiteko.

Askotariko musika estiloak landu dituzu proiektu horietan. Zein estilotan moldatzen zara erosoen?

Hau galdera zaila da [barrez]. Egia esan musika estilo asko gustatzen zaizkit eta hori ere ikusten da nire ibilbidean: oso gauza ezberdinak jotzen ibili naiz. Bada, ez dakit bat aukeratzeko gai izango ote nintzatekeen. Momentu honetan parte hartzen dudan bi proiektuak nahiko ezberdinak dira eta horregatik gustatzen zait bietan parte hartzea; elkar osatzen dute nolabait.

 

«Eroso sentitzen naiz abeslariak laguntzeko rolean»



Normalean ondo moldatzen naiz edo eroso sentitzen naiz abeslariak laguntzeko rolean, baina egia da gustatuko litzaidakeela, baita ere, musika elektronikoko talde batean egotea edo gogorragoa den rock talde batean probatzea. Ez nituzke inoiz ateak itxiko. Probatzea gustatuko litzaidake.

 

«Gustatuko litzaidake musika elektronikoko talde batean egotea»



Musikari askorekin lan egiteko aukera izan duzu, izen handiko pare bat aipatzeagatik, Izaro eta Iker Lauroba. Zertan da hori aberasgarria?

Nik sekulako zortea izan dut, eta oraingo bi proiektu hauetan musikari handiz inguratuta nago. Iker da bat, baina beste pila bat ere hor daude. Plazera da haiekin jotzea. Lehen aipatu bezala, elkarrengandik asko ikasten dugu eta elkarrekin zenbat eta gehiago jo, are hobeto. Azkenean, elkar ulertzea da, eta badakizu noiz utzi berari tartetxo bat eta noiz sartu zu, edo noiz lagundu... Nik, batez ere, nire instrumentuarekiko iruditzen zait asko ikasi dudala musikari guzti horiengandik, nahiz eta haiek ez jo nire instrumentua. Horrez gain, bai sormen aldetik, bai abestiak ekoizte edo egokitze aldetik ere asko ikasi dut. Besteek jotzen dutena entzuten edo imajinatzen elkarrekin zer joko genukeen... Asko ikasten da horretan.

Aipatu dugu Izaro eta Janus Lester taldeetan zabiltzala. Nola iritsi zinen horietan parte hartzera?

Datetarako oso txarra naiz, baina esango nuke 2018an edo izan zela. Ni garai hartan Eraul taldean nengoen, eta beste proiekturen batean ere bai. Emailez jarri ziren nirekin harremanetan. Uste dut oraindik gordeta daukadala [barrez]. Mezu bat zen esanez Eason diskoa atera zutela eta grabatuta zeukatela, baina beste taldekide bat behar zutela zuzenekoa defendatzeko, eta ea animatuko ote nintzatekeen. Hortik aurrera froga egin nuen, prestatu nituen abesti batzuk eta, ondoren, kafe luze bat hartu genuen. Musikalki ondo molda gaitezke, baina gero taldean garrantzitsua da baita ere elkar ulertzea, ordu eta momentu asko pasako baititugu elkarrekin. Bada, bira hura egin nuen froga bezala, ibili nintzen beraiekin kontzertu askotan eta gero hortik iritsi zen.


Donibane Lohitzuneko Tanka aretoan, Janus Lesterrekin. MIKEL LEIZA


Mezu haren nondik norakoa, berriz... Uste dut taldekideren batek ikusi zuela gure zuzenekoren bat. Esango nuke momentu hartarako Txiki, Julen Barandiaran gure baxu jotzailea taldean zegoela eta nik berarekin jotzen nuen beste proiektu batean. Musika munduan eta euskaraz, Donostialdean edo hemen inguruan mugitzen garen gehienak ezagutzen dugu elkar. Orduan, honako honek edo halako batek esanda iristen dira gomendioak eta gonbidapenak batetik bestera.

Hori Izarori dagokionez, eta Janus Lesterren kasuan?

Kasu horretan Estitxu Pinatxorekin jotzen nuen: bere diskoan parte hartu nuen eta baita zuzenekoan ere. Bada, hor ezagutu nuen bere anaia Jokin Pinatxo. Eta handik ez dakit, urtebetera edo, itxialdian geundela, gauza bera: idatzi zidan mezu bat esanez buruan proiektu bat zuela, bazituztela abesti batzuk, teklista baten bila zebiltzala eta ea animatuko ote nintzatekeen proiektuaren parte izatera. Hortik aurrera, entzun nituen abestiak eta gustatu zitzaizkidanez froga egitera joan nintzen, entseatu genuen elkarrekin... Nik uste afaldu ere egin genuela, edo kaferen bat hartu bestela [barrez]. Hori garrantzitsua izaten da, benetan, ez da jotzeko froga bakarrik. Eta horrelaxe iritsi ziren. Nik uste proiektu batek bestera eramaten zaituela.

Musikaren arloan noizbait sentitu al duzu baztertu edo gutxietsi zaituztela emakume izateagatik?

Niri ez zait gertatu, inguruan izan ditudan taldekideen partetik-eta ez dut inoiz horrelako ezer sentitu. Eroso sentiarazi naute uneoro. Baina badakit gertatzen dela, eta nire lankide batzuk kontatzen dituztenak-eta entzunda... Zorionez, ematen du gauzak aldatzen ari direla, eta geroz eta gehiago garela eszenan gauden emakumeak; baina oraindik lan asko dago egiteko. Badirudi oholtzak hartzen ari garela, baina oholtzaren atzean dagoen lantaldea oraindik ere oso maskulinizatua da, orduan, hor badago zer egin eta zer landu.

Nortzuk dira zure erreferente musikalak?

Ez da erraza bat esatea. Batetik, lehen esan bezala, nire aita litzateke bat; batez ere, txikitan izan da erreferente. Bestetik, beti izan naiz oso Gorka Urbizu zalea eta niretzat beti izan da erreferente bat. Horiez gain, baita Joseba Irazoki ere... Euskal eszenan beti jarraitu ditudan musikariak dira. Batzuk, agian, sormen aldetik egiten duten lanagatik eta, beste batzuk, daukaten jarreragatik. Piano jotzaile bezala Txus Aranburu aipatuko nuke, eta gero... Emakume mordo bat ere bai, orain eszenan dabiltzanak; niretzat horiek ere erreferenteak dira. Nahiz eta, batzuetan, nire garaikideak izan, erreferente dira gauza askotan.

Erreferente izatera iritsi beharrik gabe, zein musika talde entzuten dituzu gaur egun?

Ba talde asko entzuten ditut. Ohitura daukat kotxean noan aldiro, lanerako joan-etorrian, bi disko entzuteko: bat joateko eta, beste bat, itzultzeko. Eta normalean izaten da bat oso zaharra eta, bestea, atera berria. Aurreko batean, adibidez, Vampire Weekend estatubatuarrak entzuten aritu nintzen eta, horrez gain, azkenaldian, —berriz ere aipatuko dut, baina— Gorka Urbizuren diskoari buelta asko eman dizkiot. Lukiek ere asko gustatzen zait... Ez dakit, azkenak aipatzekotan, horiek.

Galdera potoloa izango da, agian, baina zuretzat zer da musika?

Alde batetik, nire bizitzeko modu bat da eta, aldi berean, gozatzen dudan eremu bat. Lagunarte bat sortu didan zerbait ere bai. Eta betetzen nauen gauza bat, guztiz.

 

«Ameslari samarra naiz eta beti ari naiz aurrera begira»



Aipatu ditugunez gain, ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Momentuz, behintzat, nahiko lan daukat proiektu horietan [barrez]. Hala ere, ameslari samarra naiz eta beti ari naiz aurrera begira edo pentsatzen ea beste zerbait sortuko den. Baina, momentuz, aipatzeko ezer ez [barrez].

 

MOTZEAN

Dantzatzeko kanta bat?

Dua Liparen edozein.

Erlaxatzeko kanta bat?

Janela bat.

Musika zuzenean edo grabatuta?

Zuzenean.

Gustatzen ez zaizun musika estilo bat?

Ez daukat.

Lagun bati gomendatuko zeniokeen disko bat?

Vampire Weekend taldearen azkena.

Parte hartuko zenukeen musika talde bat?

Ea ba, ameslariarena egingo dut: Big red machine.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!