Zaintza Ehuntzen talde feminista sortu dute Lizartzan. Martxoaren 8aren antolaketa lanen bueltan konturatu ziren Lizartzan feminismoaren inguruko ikuspegi ezberdinak daudela eta baita ezjakintasun handia ere, eta horregatik erabaki zuten gaia «sakonago» landu eta talde feminista bat sortzea. Amets Esnaola eta Lide Bengoetxea dira Zaintza Ehuntzen taldeko kideak eta esan dute «kafe baten bueltan, lagunartean» sortu dela taldea. «Gure artean saretzea oso beharrezkoa dela uste dugu eta behar horri tiraka, herrigunean ekimen desberdinak egiteko dinamika bat sortu nahi dugu», gehitu du Bengoetxeak.
Hain justu, pasa den ostegunean aurkeztu zuten Zaintza Ehuntzen herriko talde feminista berria, eta egun horretan bertan egin zuten lehen ekintza: Emagin elkarteko kide den Miren Aranguren Etxartek gidatutako Gure genealogia feministak hitzaldia. «Begirada orokor bat landu nahi genuen, eta hitzaldiak mugimendu feministaren historia lantzen du, bai mendebaldeko gizartean eta baita Euskal Herrian ere, 70eko hamarkadatik gaur egun arte», azaldu du Bengoetxeak.
Hitzaldian feminismoaren lehen pausoak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, mugimendua kokatzeko aukera eskainiz. «Feminismoa bera entzuten dugunean askotan ez dakigu burua zein alderditan kokatu eta feminismoaren inguruko historia hori objektiboki aztertuko zuen hitzaldi bat antolatu nahi genuen, jendeak informazioa izan dezan», esan du Esnaolak.
Talde irekia eta mistoa
Sentsibilizazioa, ahalduntzea eta, batez ere, elkar zaintzan jarriko dute azpimarra eta horregatik aukeratu dute Zaintza Ehuntzen izena. «Talde irekia eta mistoa izango da, eta edozein generotako eta adin guztietako herritarrak ongi etorriak izango dira», adierazi dute. Horrez gain, Zaintza Ehuntzen taldeak herriko espazio segurua izan nahi du, «denon kezkak partekatzeko eta eroso sentiarazteko».
Hemendik aurrera, lanean jarraituko dute, eta urte honetan zehar taldearen helburuekin bat egingo duten ekintzak antolatuko dituzte. Esnaolak dio ez dutela ezer arautua izatea nahi, baina taldea testuinguru informal batetik sortu zen arren, konpromisoa eskatu dute. Halaber, taldean aktiboki parte hartu nahi ez duten herritarrek, herri mailan antolatzen diren ekintza desberdinetan parte hartzera animatu dituzte. Momentuz, urte honetan zehar ekintza ezberdinez josita egongo den programa bat antolatzeko asmoa dute. Hasi besterik ez dira egin eta oraindik ez dituzte bileren datak zehaztu, baina Whatsapp talde bat egin dute eta bertan jakinaraziko dituzte. «Guk beharra ikusten dugu, baina herrian zer-nolako harrera duen ikusi behar dugu, eta pixkanaka dena adosten eta zehazten joango gara».
Taldekide izateko interesa duten herritarrek zaintzaehuntzen@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin dezakete eta gainontzeko taldekideek Whatsapp taldera gehituko dituzte.