Otsabio Kirol Elkarteak laugarren irteera egingo du asteburuan

Ataria 2024ko otsailaren 20a

Otsabio Kirol Elkarteak 'Ezetz 4!' mendi erronkaren baitan, larunbatean, Belaguara eskiatzera egingo du irteera; animatzen direnek egun bakarra aukeratu dezakete edo gaua bertako aterpetxean ere pasa dezakete.

Lizartzako Otsabio Kirol Elkarteak antolatutako Ezetz 4! mendi erronkak martxan jarraitzen du. Azaroan eman zioten hasiera hirugarren erronkari, eta ekainera bitarte zazpi mendi irteera izango dituzte aukeran parte hartzaileek. Laugarren irteera izango dute asteburu honetan, baina oraingoan mendiari beste modu batera eutsiko diote. Izan ere, larunbatean, Belaguara eskiatzera joango dira. Horretarako, 7:00tan egingo dute hitzordua plazan eta kotxeetan joango dira Belaguara.

Bertan, iraupen eskiko ikastaroa egingo dute. Helduen eguneko forfaitaren prezioa 10 eurokoa izango da eta haurrena, berriz, 6 eurokoa. Materiala alokatuz gero, 12 euro gehiago ordaindu beharko dira. Baldintza bakarra da haurrak heldu batekin joan behar dutela.

Belaguako aterpetxean gaua pasa nahi dutenek horretarako aukera ere izango dute. Helduek 45 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek, berriz, 35 euro. Denek 12 euro ordaindu beharko dituzte aurretik. Gaua ez ezik, afaria eta gosaria ere sartuko dira prezioan.

Izen ematea bukatu da dagoeneko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!