Otsabio Kirol Elkarteak bigarren ibilaldia egingo du asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 17a, 11:57

Otsabio Kirol Elkarteak antolatutako 'Ezetz 4!' erronkaren baitan egingo dute igandean Aiako harrietara irteera; 8:30etan plazan egingo dute hitzordua eta parte hartzaileek bi ibilaldi izango dituzte aukeran.

Ezetz 4! mendi erronkak martxan jarraitzen du. Otsabio Kirol Elkarteak antolatutako ekimena da eta azaroan eman zioten hasiera hirugarren erronkari. Aurten, zazpi mendi irteera izango dituzte aukeran parte hartzaileek ekainera bitarte. Igande honetan izango dute bigarren ibilaldia Aiako harrietara eta 8:30etan egingo dute hitzordua plazan.

Beti bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran; ibilaldi motzak 6 kilometro eta 450 metroko desnibela izango du, eta luzeak, berriz, 12 kilometro eta 800 metroko desnibela. Herritarrak animatzeko deia egin dute elkartetik, "paraje ederrak ikusi, mendiaz gozatu eta gure aisiaz gozatzea da helburu. Goizean mendi buelta egin eta aterpetxean zerbait hartu eta janez, goiz pasa ederra pasatzeko aukera dela pentsatzen dugu". 

Laugarren erronka

Bestetik, otsailaren 24 eta 25ean eskiatzera joango dira eta izen ematea otsailaren hasieran irekiko dute. Animatzen direnek egun bakarra aukeratu dezakete edo gaua bertako aterpetxean ere pasa dezakete. Informazio gehiago aurrerago zabalduko dutela jakinarazi dute elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!