Euskal musikari begirada bat

Ataria 2023ko aza. 28a, 17:00

Lizartzako Kulturaldiaren barruan, euskal musikaren inguruko 250 biniloen erakusketa egin dute udal aretoan, Joxean Arrue herritarraren eskutik; gaur arratsaldean ere ikusgai izango da 19:00ak arte. 

Binilo bildumagilea da Joxean Arrue lizartzarra. Gazte gaztetatik hasi zen biniloak biltzen eta gaur egun 1.500 binilo ditu guztira. «Horietako batzuk nire talde gustukoenak dira, baina beste asko biniloen gainbehera etorri zenean jendea horietaz desegin eta nik erosten nituenekoak dira», kontatu du.

Aste honetan horietako batzuk Lizartzako udal aretoan ikusteko aukera izango da, Kulturaldiaren barruan, Euskal musikari begira bat 200 binilotan izeneko erakusketa antolatu baitu lizartzarrak. Honela, 60ko hamarkadatik hasita gaur egun arteko euskal doinu edo euskaraz abesten duten talde eta abeslari ospetsuenen 250 biniloekin osatu du erakusketa. Bertan, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Angel Duhalde, Zetak edota Izaro bezalako artisten lanak jaso ditu, besteak beste.

«Erakusketa muntatzen nengoela konturatu nintzen, 1994tik 2000. urtera arteko tarte horretan ez nituela biniloak, urte horietan CDa oso indartsu etorri baitzen eta biniloak galdu egin ziren», azaldu du Arruek. Gaur egun, ordea, biniloak indartzen ari direla gehitu du: «Durangoko Azokan egongo diren nobedadeen zerrenda begiratu dut, eta euskal talde pila bat daude orain biniloak aurkezten dituztenak disko moduan».

Herritar ugari gerturatu zen atzo udal aretora, «eta denek izan zuten zerbait komentatzeko beraiek entzuten zuten eta entzuten duten musikaren inguruan». Erakusketa gaur ez ezik, bihar eta ostiralean ere ikusteko aukera izango da, 16:30etik 19:00ak arte.

Argazkiak: Iñaki Azpiroz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!