Herriko kale-katuak elikatzeko taldea osatuko dute Lizartzan

Ataria 2023ko aza. 16a, 11:58

Lizartzako Udalak kalean dauden katuak identifikatu eta kudeatzeko protokoloa martxan jarri du; herritarrekin bihar egingo dute bilera informatiboa 18:30etan, udal aretoan.

«Azken urteetan herrian kaleko katu biztanleria ugaritze deskontrolatu bat izaten ari gara», adierazi du Iñaki Azpiroz Lizartzako alkateak. Arazo honen zergati nagusietako bat hauen ugaltzearen gorakada izatea ari dela gehitu du, «hamar katakume batera jaiotzen baitira eta horiek ez daude inoren esku, abandonatuta daude. Guzti horren arduraduna Udala izaten da eta gai honi heldu egin behar genion nolabait».

Edonork elikatzen baditu «arazoa areagotu» egiten dela dio Azpirozek. Izan ere, herritarrak kale-katuei herriko ostatuaren atzean jana emateko ohitura hartzen ari zirela kontatu du, «eta katuak sukaldearen ondoan egotea, osasun arazo gisa hartzen dugu, animalia hauen kontrol ezak hainbat eta hainbat arazo sanitario ekar ditzakeela uste baitugu».

Egoera ikusita, Lizartzako Udala, beste udalerriekin batera, animali etxekotuen inguruko hainbat protokolo eta neurri jarri ditu martxan. Gauzak honela, herriko kale-katuak identifikatu, elikatu eta kudeatzeko taldea osatuko dute. Ekimen honen nondik norakoak bihar azalduko dituzte 18:30etan udal aretoan egingo duten bilera informatiboan. Era berean, alkateak kale-katu hauen gaineko kezka eta interesa duten herritarrak animatu nahi izan ditu bileran parte hartzera.

Legezko janari guneak

Animali etxekotuen babeserako Euskal Legeak, ekainak 30eko 9/2022 legearen 28. artikuluko laugarren puntuak adierazten duen moduan, «administrazioak espresuki autorizatutako pertsonak salbu, debekatua dago herritarrak kaleko katuak elikatzea». Ondorioz, Lizartzako kaleetan aurkitzen diren katuei jana ematea «legez» debekatuta dagoela azpimarratu du alkateak, «baina trantsizio horretan herrian egoera honi aurre egiteko norbait prest balego, eskakizun hori baimentzeko aukera dugu».

Horregatik, kale-katuak identifikatu, elikatu eta kudeatzeko taldea osatzeko asmoa du Lizartzako Udalak. Taldea osatuta, herriko gune ezberdinak aztertu eta egokiena zein den aukeratuko du ekimenean parte hartzen duten herritarrek bertan kale-katuak elikatu ditzaten. «Katu horiek ugaritzen doaz eta jana herriko edozein txokoetan botaz gero, kalteak eragin ditzake eta egoera murriztu beharrean gaude», adierazi du Azpirozek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!