Erik Jakak Lau Eta Erdiko Txapelketako finalerdia jokatuko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 28a, 19:18

Pilotari lizartzarrak Joseba Ezkurdia egungo txapeldunari ondo irabazita (22-16) lortu du txartela, tentsio handiko partidan; sakean asko asmatu du Jakak eta tantoak amaitzerakoan aurkaria baino askoz gehiago izan da. Ondorioz, eskualdeko pilotari bat finalean egongo da, Jakak Altuna III.aren aurka jokatuko baitu finalerdia.

Erik Jakak handia egin du. Bermeon. Bizkaiko herriko Artza pilotalekuan jokatu du Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako A multzoko hirugarren eta azken jardunaldiko partida, Joseba Ezkurdiaren aurka. Matematikak argiak ziren: irabazleak aurrera egingo zuen txapelketan, eta Altuna III.aren aurka jokatuko zuen finalerdia; galtzaileak, berriz, ez zuen lau onenen artean sartzea lortuko. Aspeko pilotari arbizuarra zen faboritoa, baina lizartzarrak bere jokoa egitea lortu du, eta partida hasieran, erdialdean, eta batez ere amaieran egindako tanto errenkadei esker, finalerdietan izango da, 22-16 irabazi baitio egungo txapeldunari.

Oso parekatua izan da partida hasiera. Lehen tantoetan, aurkariak baino hobeto mugitu du pilota lizartzarrak; alde batetik bestera ibili du Ezkurdia (4-1). Hala ere, hiru tanto galdu ditu erasoan, eta ondorioz, arbizuarrak markagailua berdintzea lortu du: 5-5. Seina ere berdindu dute; hain justu, hamabigarren tantoa, Jakak egindakoa, bikaina izan da; defentsan lan handia egin ondoren, boleaz egindako horma-bikoa.

Ezkurdiak zortzina berdindu duen tantoan, eskuin eskumuturrean kolpe txiki bat hartu du Jakak. Gainera, ordura arteko partidako tantorik gogorrena izan da; 23 pilotakada jo dituzte. Eta ondorengo tantoetan eragina izan du lizartzarraren defentsan, nekatuago sumatu zaio, eta hiru tantoko aldea lortu du Ezkurdiak. Hala ere, Jakak bere jokoa egiten jarraitu du, eta aurkariak baino gehiago arriskatuta, tanto dotoreak egitea lortu du. Lau jarraian egin ondoren, aurretik iritsi da lehen atsedenaldi luzera: 12-11.

Eta atsedenalditik aurrera ere, gehiago asmatu du lizartzarrak, batez ere, sake-errematean. 4 tanto jarraian egin ditu, horietako bi, errestoaren ondoren, txokoan ederki utzita. 15-11 aurreratu da Jaka. Baina bere jokorik onena egiten ari zen unean, falta egin du sakean; motzegi atera du. Ondorengo tantoetan, Ezkurdiak izan du ekimena, eta tantoak luzatzen saiatu da, horietan min handiagoa egiten baitzion lizartzarrari. Berriro ere partida berdintzea lortu du arbizuarrak: 15-15.

Bazirudien Jaka nekatuago zegoela, eta Ezkurdiak partida nahi zuen norabidean zeramala. Baina beste opari bat egin du arbizuarrak, boleaz horma-biko bat gehiegi zabaleratuta, eta sakea bereganatu du lizartzarrak. Ondorengo tantoetan, partida osoan bezala, oso ondo egin ditu sakeak Jakak. Alde horretatik min handia egin dio aurkariari, eta bigarren atsedenaldira ere aurretik iritsi da: 18-16. Partidako azken zatian, hobeto aritu da Jaka, sakeari zuku handia ateratzen eta zein baino zein tanto dotoreagoak egiten. Amaieran, 22-16 lizartzarra garaile.

Partida amaitu ondoren, Euskal Telebistari egindako adierazpenetan «oso gustura» azaldu da Jaka. «Oso ondo jokatu dudala iruditzen zait. Egin behar ez diren akatsak egin ditut, baina nire jokoa zein den kontuan izanda, ez ditut kontuan hartuko. Nire interesen arabera jokatu dugu, indar eta botere handiko pilotaria da bera (Ezkurdia), eta ezerezean uzten zaitu; gaur ere hala izan da momenturen batean. Hala ere, nik nire jokoa egiten jarraitu dut, eta nahi nuena lortu ahal izan dut».

Gaurko partidan 17 tanto egin ditu Jakak, Ezkurdiak, berriz, 9. Galdutako tantoetan aldea ez da horrenbestekoa izan. 7 galdu ditu lizartzarrak eta 5 arbizuarrak. Ezkurdiari irabaztea «beti zailaz» dela aitortu du lizartzarrak, «batez ere, partida erabakigarrietan, hazi egiten delako». «Gaur, uneoro, deseroso sentiarazi dudala uste dut, eta ez bere meritu ezagatik, nik ondo jokatu dudalako baizik. Sakearekin eta nire bigarren pilotakadarekin min handia egin diot».

Oraindik ezer lortu ez duela aitortu arren, Jakak esker mezua helarazi nahi izan die ingurukoei: «Ez ditut momentu onak pasa, eta niretzat berriro sentsazio hauek izatea ikaragarria da. Eskerrik asko denei!».

Eskualdeko pilotarien arteko finala?

Datorren asteburuan, eskualdeko beste pilotari bat izango du aurkari: Altuna III.a amezketarra. «Latza izango da», nabarmendu du lizartzarrak. Oraindik erabakitzeke dago non jokatuko duten, larunbatean Gasteizko Ogetan edo igandean Eibarko Astelenan. Hala ere, gauza bat argi dago: gutxienez eskualdeko pilotari bat finalean izango da. 

Eta gutxienez diot, gerta litekeelako finaleko aurkaria ere Tolosaldekoa izatea. Izan ere, bihar, Tolosako Beotibar frontoian, B multzoko hirugarren jardunaldiko partida jokatuko dute Artolak eta Peña II.ak. Partida erabakigarria izango da, irabazleak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko baitu txapelketako beste finalerdia, eta beraz, bietako batek finalean egoteko aukerak izango ditu. Bai Etxeberriaren, baita biharko partidako bi pilotarien kasuan ere, lehen aldia izango da Lau Eta Erdiko Txapelketako finalerdietan, eta beraz, sailkatzen denaren kasuan, baita finalean ere. Giro aparta espero da bihar Beotibarren, eta pilotariek ez dute huts egin nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!