Zaintza jarri dute erdigunean

Leyre Carrasco 2023ko urr. 25a, 11:59

Olaia Arana gizarte langilea herenegun, gidaren berri ematen.

Zaintza Astea ari dira ospatzen Lizartzan; gaur eta bihar herriko medikua eta erizaina izango dira hizlariak eta helduen erorketak eta Osakidetzako sarea izango dituzte hizpide.

Zuk jakitea nahi dut… gida praktikoaren aurkezpenarekin hasi dute Lizartzan, Zaintza Astea. Lizartzako Udalak, Osakidetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Gizartean Esku-Hartzeko Etika Batzordeak antolatu dute, elkarlanean. Hain justu, gida praktikoa osatu du batzordeak eta horren berri eman zuten herenegun, udaletxeko batzar aretoan. 

Gidaren helburua da zainketak planifikatzen laguntzea, beti ere pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Egunerokotasunean edo aldaketa uneetan erabakiak hartzea errazteko balio duen tresna dela esan zuen aurkezpenean Olaia Arana gizarte langileak eta Etika Batzordeko kideak. Pertsonei, haien familiei, lagunei edo haiei laguntzen dieten profesionalei zuzendutako jarraibide sinpleak ditu gidak, eta pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak errespetatzeko aukerak sortzen dituela gehitu zuen Aranak, «horiek funtsezkoak baitira zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko».


Dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera. Dokumentu honek aukera ematen du arreta modu partekatuan jotzeko; «horrela, pertsonari bere bizitzaren eta jasotzen dituen laguntzen gaineko kontrola itzultzen zaio, eta pertsona Gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredu berriaren ardatz nagusi bihurtzen da».


Zertarako balio du gidak
Aranak azaldu zuen gidak bizitzarako eta praktikan jartzeko garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko edonorentzat balio duela, eta baita beste pertsonen beharra duten pertsonentzako ere. Horretarako Foru Aldundiaren webgunean dagoen Zuk jakitea nahi dut... izeneko dokumentuak idaztea proposatu zuen gizarte langileak, plangintza antolatu ahal izateko eta zaintza nolakoa izatea nahi den adierazteko. 
Egunerokoari begira esan zuen gidak jarraibide errazak eskaintzen dituela. «Honela pertsonak berak prozesuan parte hartzen du eta beragan zentratutako sostengua jasotzen du. Gainera, pertsonak berak erabakitzen duenez pertsonaren autonomia, duintasuna eta nortasuna ere errespetatzen dira, hau da, beste pertsona batzuez desberdin egiten gaituzten ezaugarriak kontuan hartzen dira».


Lan hori ezagutarazteko asmoz, Lizartzan egin bezala, hitzaldi informatiboak egiten ari dira Gipuzkoako hainbat udalerritan eta eskualdean Bidania-Goiatzen egongo dira gaur bertan, 10:30etik aurrera, erabilera anitzeko gelan. Topaketak eta informazio hitzaldiak ere egingo dituzte eskualdeka, sektore mailako bilerak erakunde eta udalekin, eta gutunak bidaliko dituzte gizarte zerbitzuen erabiltzaileak diren pertsonen etxeetara.


Aldundiak harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat aktibatu ditu, era berean: 943 24 48 35 eta zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus ed0 quieroquesepas@gipuzkoa.eus. Eta dokumentua herritarren eskura 
jarri du Foru Aldundiaren webgunean. 


Medikua eta erizaina
Gidaren aurkezpenarekin batera, atzo, Cuidadores filma ikusi ahal izan zen eta ondoren Esmeralda Caballero herriko gizarte langileak azalpenak eman zituen. Eta gaur eta bihar herriko medikuaren eta erizainaren txanda izango da. Gaur 18:00etatik aurrera udaletxeko batzar aretoan helduen erorketei aurre egiteko gakoak emango dituzte eta bihar ordu eta leku berean Osakidetza sareari buruz ariko dira.  

Zaintza Astea

  • Gaur, urriak 25. Erorketen prebentzioa helduetan hitzaldia Lizartzako medikuaren eta erizainaren eskutik, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan.
  • Bihar, urriak 26. Osakidetza sarean hitzaldia Lizartzako medikuaren eta erizainaren eskutik, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!