Zaintzak era partekatuan eta adostuan antolatzeko tresna aurkeztuko dute Lizartzan

Ataria 2023ko urr. 20a, 11:24

Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak osatu du  Zuk jakitea nahi dut… gida praktikoa, zainketen plangintza partekatua eta adostua errazteko helburuarekin.

Zuk jakitea nahi dut… gida praktikoarekin zainketak planifikatzen lagundu nahi dute, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Egunerokotasunean edo aldaketa uneetan erabakiak hartzea errazteko balio duen tresna dela esan du Gipuzkoako Gizartean Esku-Hartzeko Etika Batzordearekin elkarlanean aritu den Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pertsonei, haien familiei, lagunei edo haiei laguntzen dieten profesionalei zuzendutako jarraibide sinpleak ditu gidak, eta pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak errespetatzeko aukerak sortzen dituela gehitu du, «horiek funtsezkoak baitira zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko».

Dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera. Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuarentzat, dokumentu honek aukera ematen du arreta modu partekatuan jotzeko; «horrela, pertsonari bere bizitzaren eta jasotzen dituen laguntzen gaineko kontrola itzultzen zaio, eta pertsona Gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredu berriaren ardatz nagusi bihurtzen da».

 
Lan hori ezagutarazteko asmoz, hitzaldi informatiboak egiten ari dira Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta horietako bat Lizartzan izango da astelehenean, hilak 23, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Era berean, tresna hau ezagutarazteko plangintza bat aktibatu du Foru Aldundiak, pedagogikoki informatu eta formatzeko, modu eraginkor eta egokian erabil dadin. Horretarako, topaketak eta informazio hitzaldiak egingo dituzte eskualdeka, bilera sektorialak hainbat erakunde eta udalekin, eta gutunak bidaliko dituzte gizarte zerbitzuen erabiltzaileak diren pertsonen etxeetara.

Aldundiak harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat aktibatu ditu, era berean: 943 24 48 35 eta zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus edo quieroquesepas@gipuzkoa.eus. Eta dokumentua herritarren eskura ere jarri du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!