Naparraren desagertzea argitzea eskatu dute

Ataria 2023ko ekainaren 12a

Egiari Zor elkarteak deituta herritar ugari bildu zen atzo, Lizartzako Igarolabekoa baserrian, Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparraren desagertzearen inguruko informazioa eskatzeko. Urtero egiten dute ekitaldia Naparraren familiaren baserrian. 43 urte bete dira desagerrarazi zutenetik.

Egiari Zor elkarteak esan zuen Sekretu Ofizialen Legeak sailkatutako dokumentazioa desklasifikatuko balitz, Naparraren gorpuzkiak berreskuratzea eta kasua argitzea posible izango litzatekeela. «Naparraren kasua estatu terrorismoaren inguruan oraindik dagoen zigorgabetasun iraunkorra agerian uzten duen beste kasu bat da; hala ere, bere gorpuzkiak aurkitzen ez diren bitartean indarrean dagoen delitua da», gaineratu zuen. Salatu zuen, era berean, familiak oraindik bere gorpuzkiak berreskuratu ez izana «indarrean dagoen kalitate demokratiko kaskarraren sintoma» dela, eta baita «kasu hau zein Frankismoan, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan zehar gertatutako beste batzuk argitzeko borondate ezaren froga ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!