Festak hartu du Lizartza, eta herriko zazpi gunetan zehar zabaldu dute: lehen gunea eskola da; bigarrena, plaza; hirugarrena, udaletxea; laugarrena, Plazasoro; bosgarrena, frontoia; seigarrena, Zimitorioa; eta, azkena, Irabarreneko zelaia.
Harrera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari 10:00etan, eta bertara gerturatu direnek ekintza ugariz gozatu ahal izan dute goiz guztian zehar; Zirku tailerra izan da plazan, jolasak eta eskulanak Plazasoron, Jon Jokai jolasak Zimitorioan, eta puzgarriak Irabarreneko zelaian. Bazkalaurretik, gainera, Isk&Bila txarangaz gozatzeko aukera ere izan da herrian zehar. Festarekin bat egin dutenak frontoian elkartu dira bazkarirako, eta horren ostean, bingo musikatua egingo dute.
Bestalde, Uraren bidea izeneko ibilbidea ere antolatu dute herrian zehar, herriko txoko ezberdinak ezagutarazi asmoz. Herrian zehar margotu dituzten ur seinaleak jarraitu behar dira horretarako, eta QR kode bat erabiliz, ibilbideko puntu ezberdinetan dauden erronkak gainditzeko jolas interaktiboak egiteko aukera ere izan da.
Arratsaldeko ekintzak
Festara batu nahi dutenek oraindik ere astia izango dute horretarako. Izan ere, arratsaldean festak ez du etenik izango, eta 15:30etik 17:00etara Zimitorioan patinajea, eta plazan eskalada eta slack line ekintzak egingo dituzte. 15:00etatik 17:30era, berriz, Irabarren zelaian puzgarriak, Zimitorioan Jon Jokai jolasak, eta Plazasoron aurpegia margotzeko eta trentzak egiteko aukera izango da, baita photocallean argazkiak ateratzeko ere. Amaitzeko, 18:00etatik 19:30ak arte Otsoku eta Pituxa pailazoekin disko festa egingo dute plazan.
Garraioa
Lizartzara bertaratzeko, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako, Irunzubi industriaguneko pabiloietan utzi ahalko dira kotxeak eta joan-etorriko autobusak jarriko dituzte maiztasun handiz 20:30ak arte.