ELKARRIZKETA

«Emakumeok hemen ere bagaude, eta gure kirola badela erakutsi nahi dugu»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko eka. 12a, 07:59
Irati Atxa pilotu laguntzailea eta Emakumeak Automobilismoan taldeko kidea. A. ARROYO

Pilotu laguntzailea eta Emakumeak automobilismoan taldeko kidea da Irati Atxa. Motor lasterketetan emakumeen parte hartzeari buruzko informazioa biltzen dute, eta ikusgarritasuna dute xede.

Lasterketak ikustera joateko afizioa aurretik bazuen arren, joan den denboraldian hasi zen lehiaketetan parte hartzen Irati Atxa (Zegama, 1995). Sortzez goierritarra, bi urte daramatza Lizartzan bizitzen, eta herrian, gutxienez, bi omen dira motor zaleak. Pilotu laguntzailea da Atxa, eta aurreko urte amaieran parte hartu zuen Emakumeak automobilismoan taldea sortzen. Motorraren munduan dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna ematea dute helburu, eta sare sozialetan taldearen izen bera duen kontua sortu dute horretarako. Xehe-xehe azaldu du zein diren proiektuaren erronkak, nondik norakoak eta zer egin duten orain arte.

Nola sortu zen taldea?

Joan den urteko abenduan, federazioaren bitartez mezu elektroniko bat iritsi zitzaigun federatuta geunden emakume guztioi. Bertan esaten zuten berdintasunaren inguruko zerbait egin nahi zutela, eta ea proiekturik edo ba ote genuen. Elkartu ginen, baina, gero ez zen aurrera atera federazioko ezer. Hala ere, ikusi genuen gogo handia zegoela emakume talde bat sortzeko, eta beharra ere identifikatu genuen. Beraz, geroago, modu independentean guk sortu dugu taldetxoa.

 

«Gogo handia zegoen emakume talde bat sortzeko, eta beharra ere identifikatu genuen»



Eta zein da ekimenaren helburu nagusia?

Lehenengo helburua da ikusgarritasuna ematea emakumeei motorraren munduan; ez bakarrik auto lasterketetan, baita motorrean edo bestelakoetan ere. Normalean, rally bat aipatzen dugunean mutilak etortzen zaizkigu burura; edo pilotu gizonezkoak. Ez zaigu Laia Sanz bururatuko; lehenago aterako dira Fernando Alonso edo beste batzuk. Beraz, helburua da erakustea emakumeok hemen ere bagaudela, eta gure kirola ere badela. Azpi helburu bezala, berriz, emakumea ahalduntzea era badaukagu, noski. Hau ez dugu lanketa isolatu baten moduan ulertzen, orokortasunari ekarpena egiteko modu bezala baizik.

Zein da eguneroko jarduna? Zer egiten duzue helburua lortzeko?

Hilabetean behin elkartzen saiatzen gara. Ez da erraza izaten: beti baldintzatzen du egutegiak, astebururo izaten baita lasterketaren bat. Orain arte gehienetan Azkoitian elkartu gara; eta orain arteko bilerak, hain justu, izan dira zehazteko zertarako biltzen garen, eta taldea oso berria denez, adosteko nondik nora joan nahi dugun, zertara goazen eta helburuak nola lortu ditzakegun. Datu bilketa batzuekin hasi gara, eta sare sozialetan abiatu dugu lanketa; gaur egun, zorionez edo zoritxarrez hori baita mundu guztiak ikusten duena. Beraz, ikusgarritasuna espazio horietan lantzetik hasi gara, eta ekimena pixka bat finantzatzeko kamisetak eta jertseak egiteko asmoa dugu.

Orain arte, gehienbat, Euskal Autonomia Erkidegoko lasterketetako datuak bildu ditugu: lehen ediziotik azken edizio arte zenbat emakumek parte hartu duten zenbatu eta grafikoak egiten ditugu. Gu ere harritu gara, lehen-lehen edizioetan ere parte hartu baitzuten zenbait emakumek; ez ziren asko, bizpahiru izango ziren, baina hor zeuden. Gaur egunera, berriz, bilakaera positiboa da; hau da, gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte. Garrantzitsua da hori ikusaraztea.

Zein datu argitaratzen dituzue?

Emakume kopuruaren bataz bestekoa ateratzen dugu. Lasterketaren aurretik argitaratzen saiatzen gara. Hurrengo lasterketa Goilurrak izenekoa izango da, ekainaren 17an. Aurretik, datu bilketa bat egin dugu lasterketa horren lehen ediziotik gaur egunera: zenbat emakume eta gizon atera izan diren, zenbat aterako diren aurten, eta gero bitxikeriaren bat edo jartzen saiatzen gara. Eskualdeko emakume piloturen bat baldin badago hori ere aipatzen dugu, lehen esan bezala, ikusgarritasuna emateko helburuarekin.

Egia da azken unera arte ez dugula jakiten gaur egungo edizioko parte hartzaileen inguruko informaziorik, baina, moldatzen gara eta lortzen ditugu datuak [Barrez].
Emakumeak Automobilismoan. A. ARROYO


Ez da, beraz, emaitzen berri izateko toki bat.

Printzipioz ez, baina, argitaratu izan dugu zerbait, norbaitek lasterketaren bat irabazten duenean, edo EAEz kanpo lasterketaren batean gure taldeko norbait ateratzen denean.

Nola iritsi zinen automobilismoaren mundura?

Mundu honetan oso-oso berria naiz, aurreko denboraldian hasi nintzen lasterketetan parte hartzen. Egia da aurretik ere banuela afizioa karreretara joateko eta ikusteko, baina, orain arte ez dut praktikatzeko zorterik izan.

Zentzu horretan, iruditzen zait garrantzitsua dela gu hemen gaudela erakustea, neurri batean, erreferente izateko. Niri gertatu izan zait Zegamara joatea eta baten batek esatea: «Jo Irati, rallyetan zabiltzala jakin dut; ze ondo!». Horrek kristoren poza ematen dit. Jendeak ikustea hor gaudela, eta ondoren etorriko direnei bultzada txiki hori ematea.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Talde oso-osoan berrogei bat neska izango gara. Gero talde-eragilea edo motorra ere badaukagu, eta hori lauk osatzen dute: Alazne Apalantzak, Ane Lazkanok, Oihane Urangak eta Nagore Hidalgok. Horiek zuzentzen dute kontua, baina, denbora batez izango da, zuzendaritza txandakakoa izatea baita asmoa.

Talde eragileak egiten ditu proposamenak, eta gero bilera zabal batean hartzen ditugu erabakiak; bertan parte hartzen dugunok federatuak gara. Gero, ordea, talde zabalago bat ere badaukagu, eta hori erabat irekia da, informazioa nahi duen edo interesa duen edonork har dezake parte.

Taldearen barruan zein ardura duzu zuk?

Momentuz egiteko zehatzik ez. Talde zabalean parte hartzen dut, eta bertan eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukera daukat. Talde zabalera proposamenak eramaten ditu talde eragileak, eta horrela hartzen ditugu erabakiak.

Egia da tokatuko zaidala, ardura txandakakoa delako; baina, momentuz lau horiek dabiltza, eta lan oso ona egiten ari dira.

Eskualde honetan ba al dago afiziorik automobilismorako?

Neronek ez dut jende asko ezagutzen, baina, badakit Lizartzan, adibidez, bi bagarela. Horrelako herri txiki batean bi baldin bagara, estatistiken arabera, herri handiagoetan gehiago egongo dira [Barrez]. Azpeitia, Azkoitia edo inguru horrekin alderatzen badugu, agian, ez dago hainbesteko afiziorik, baina, hemen ere badago.

Aldea dago pilotu eta kopilotu kopuruaren aldean. Zer dela eta da hori?

Taldean ere aztertu dugun gai bat da. Baina, hori ez zaigu iruditzen genero auzi bat denik, gehiago da baliabide ekonomiko kontua. Nik ere auto bat eduki ahalko banu, prest jarri eta dena, gidari izango nintzateke; eta ni bezala asko egongo dira. Baina, esan bezala, gehiago da baliabide ekonomiko kontua.

Irati Atxa eta Iban Leanizbarrutia kotxe barruan. I.L.


Nolakoa da emakumeek automobilismoan bizi duten egoera?

Egoera nahiko ona da. Geroz eta emakume gehiago daude, indartsu sentitzen gara eta talde sentipen handia dago. Mutilekin batera gaude, ez dago banaketarik gizon eta emakumeen artean, batera goaz denok; elkarri laguntzeko prest. Haiek bultzatzen gaituzte, eta baita guk haiek ere. Orduan, ez dut uste azpian gaudenik; nire inguruan behintzat. Egia da komunikabideetan, orokorrean, ez dela asko agertzen kirol hau; eta agertzen denean albiste txarren bat emateko izaten da, heriotzaren bat edo istripuren bat gertatzen denean…

Automobilismoaren barruan baino gehiago da kanpotik nola ikusten gaituzten, eta zenbat epai eta aurreiritzi dauden. Asko da, baita ere, ez daudelako emakume erreferente asko arlo honetan. Baina, esandakoa, hori kanpotik ikusitakoa da; automobilismoaren munduaren barruan, nahiz eta kopuruz gutxiago izan, nahiko pareko gaudela esango nuke.

Noizbait sentitu al duzu gutxietsi zaituztela?

Entzun behar izan dut ez dela nire kirola [Barrez]. Bai gurasoen partetik, bai orokorrean jendearen partetik. Baita lasterketetan parte hartu gabe ere, ikustera joaten nintzenean esaten zidaten: «Zertara zoaz zu kotxeak ikustera? Kotxeak ez dira zure kirola». Hori jaso dut, baina, gazteagotan izan zen.



Nire anaia jarriko dut adibidetzat hori erakusteko: askotan esan izan dit harekin joateko, tokia badutela-eta; baina, beste askotan ere esan izan dit ea zertara joan behar dudan. Xelebrea da, azkenean, bera baita animatzen nauena. Ez da kirol oso fisiko bat: auto batean goaz pilotua eta kopilotua, eta berdin dio zein generotakoa zaren.

Lasterketetan lehiatzeko ba al dago genero irizpiderik?

Berdin dio. Nire pilotua gizonezkoa da; beste kotxe batean gidaria emakumea eta kopilotua gizona izango dira; Maiderren pilotu laguntzailea emakumea izaten da. Ama-alabak ikusi izan ditut lasterketetan, eta baita aita-semeak ere. Nire kasuan autoa pilotuarena da, eta horri dagozkion gastu gehienak berak ordaintzen ditu; berak proposatu zidan kopilotu izatea, eta gero taldea sortu dugu. Komunikazioa oso garrantzitsua da, eta baita konfiantza ere. Gu oso ondo moldatzen gara, eta lehiaketetan ere ez dago genero bereizketarik.


Legazpiko plazan, XV Rally Sprint Gabiria-Legazpia, 2023ko martxoaren 5ean. EMAKUMEAK AUTOMOBILISMOAN


Momentuz Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duzue. Ba al duzue zabaltzeko asmorik?

Bai, bai. EAEn federatutako neskak gaude momentuz, baina, Nafarroako hainbat emakumek ere gure taldekide izan nahi dute, eta guri zuzenena iruditzen zaigu haiek parte hartzea. Gero, pilotu asko daude EAEn ateratzen direnak, eta baita Kantabrian ere. Orduan, polita izango litzateke hemen ez geratzea, baizik eta kanpora joatea… Espainian ere badago jendea lasterketetan ibiltzen dena, beraz, pixkanaka joango gara eta ea zer ateratzen den.

Aurrera begira beste proiekturik baduzue esku artean?

Badauzkagu ideia pare bat, baina, oraindik asko zehaztu gabe. Azkenean, edozer egiteko dirua behar da… Pixkanaka-pixkanaka, baina, proiektutxo edo ekintzaren bat badaukagu buruan; batez ere ahalduntzeari begira, baina, ezin dut ezer gehiago aurreratu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!