«Egia jakiteko garaia da»

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 4a, 15:35

Ina Zeberio lizartzarra Ertzaintzak hil zuen orain 25 urte, tiroz, Gernikan. Ekitaldia egin dute Lizartzan, batetik Zeberio gogoan izateko, eta, bestetik, egun horretan zer gertatu zen argitu dadin eskatzeko.

Jendetza elkartu da Lizartzako Askatasunaren Plazan gaurko ekitaldian. Ina Zeberioren senideak ez ezik, hainbat herritar eta eskualdetik joandakoak ere bertan ziren. Maider Agirrebarrena herritarrak gidatu du ekitaldia, eta sarreran azaldu duenez, «Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka giza eskubideren urraketak gertatu dira, ehunka heriotza. Horiei guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor diegu, diskriminaziorik gabe, salbuespenik gabe». Bertsoak entzuteko aukera izan da ondoren, eta baita abesti bat entzuteko ere.

Orain 25 urte gertatu zenaren berri eman dute jarraian, eta, besteak beste, gogora ekarri dute Ertzaintza bera izan zela «Inaren heriotza giza eskubideen kontrako balizko jardueraren ondorioz eman zen ala ez ikertu zuena». Ekitaldiaren jarraituz, Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialde alegiarrak hitz egin du. Besteak beste, Garaialdek azaldu duenez, «guk ez dugu gatazkaren ondorio eta erantzukizun batzuei muzin egiten dien eta beste batzuk betikotzen dituen justizia eredu honetan sinesten; biktimen eskubideak errespetatuko dituen eta aldi berean, hainbat hamarkadatan indarkeriak eragindako ondorioak gaindituko dituen bizikidetza agertoki batera iristeko beharrari erantzungo dion justizia eredua behar dugu».

Aurreskuaren txanda iritsi da ondoren, eta bere saioa bukatu ostean, lore sorta eman diote dantzariek Ina Zeberioren amari. Jarraian lore sortak jarri dira Ina Zeberioren omenezko monolitoaren ondoan. Horrez gain, 25 lore jarri dituzte beste hainbat pertsonak, Ina Zeberioren hilketa izan zenetik pasa diren urteak irudikatuz.

Dokumentuak

Ina Zeberio gogoan izateko ekitaldiaren testua

Egiari Zor fundaziotik irakurri duten testua

Erlazionatuak

«Bizirik zaude gure barnen»

Tolosaldeko Ataria 2023 eka 04 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!