Eskola Txikiak festan murgilduko dira hurrengo igandean

Leyre Carrasco 2023ko eka. 1a, 07:59

Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute bigarrengoz Lizartzan; hurrengo igandean, hilaren 11n izango da hitzordua, egun osoko egitarauarekin.

Eskola txikien garrantzia aldarrikatu, eta herri zein auzoetako bizitzan duten eragina azpimarratzea da festa egunaren helburuetako bat; baita eskola txikietako kideak bildu, eta elkarrekin jai egunaz gozatzea ere. Aurtengo festak badu data eta lekua, eta datorren igandean, hilaren 11n izango da, Lizartzan.

Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko kide den Eneritz Iturbek Gipuzkoako Eskola Txikien lelo nagusia gogoratu du festa egunaren aurkezpenean: «Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik».

Miren Odriozola Eskola Txikien irakasleen koordinatzaileak, bere aldetik, eskola txikiak euskal eskola sare publikoaren parte direla nabarmendu du. Gipuzkoan 27 eskola txiki daude une honetan, horietako bat da Lizartzakoa, eta Arabako zein Bizkaiko Eskola Txikiekin elkarlanean ari da. «Gure herrietan bermatu nahi dugun hezkuntzarako eskubideak kalitatezkoa izan behar duela sinisten dugu. Horretarako lana egin behar da, eta ditugun ardurak gure gain hartzen ditugu etengabe. Ardura horiek bakarrik aurrera eraman ezin ditugula dakigunez, elkarlana dugu eskola txikiok apustu estrategiko moduan markatuta, eta Eskola Txikien Festa ere elkarlan horren adierazle da», gehitu zuen.

Usoa Urbieta Baikara-Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko kidea eta Iñaki Azpiroz eta Gurutze Etxezabal Lizartzako eta Orexako jarduneko alkateak ere izan dira aurkezpenean, eta antolatzaileei babesa eskaintzeaz gain, festarako gonbita zabaldu diete herritarrei.

Egun osoko festa eguna

Joxean Arrue Lizartzako Eskolako Guraso Elkarteko kideak festaren inguruko xehetasunak eman ditu , eta berak aitortu bezala, egitaraua «mimo handiz» prestatu dute, «guztion gozamenerako, haur eta heldu».

Goizeko 10:00etan hasiko da festa, harrera ekitaldiak emango diolarik festari hasiera. Herrian zehar hainbat gune egongo dira, eta horietan puzgarriak, eskulanak, urteroko bazkaria, bingo musikatua, zirku tailerra, eskalada, Isk & bila txaranga, Otsoku eta Pituxarekin disko festaz gozatu ahal izango da, besteak beste. Bestalde, uraren bidea izeneko ibilbidea ere antolatu dute herrian zehar, herriko txoko ezberdinak ezagutarazi asmoz.

Lizartzara bertaratzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako, Irunzubi industriaguneko pabiloietan utzi ahalko dira kotxeak eta joan etorriko autobusak jarriko dituzte maiztasun handiz 09:00etatik 20:30ak arte.

Gotzone Bengoetxea Lizartzako eskolako zuzendariak esker hitzak izan ditu festa antolatzeko lagundu duten guztientzat: «Festa hau antolatzeak ilusio eta ardurak ekarri dizkigu, baina era berean, komunitate hitzaren esanahia osoaz gozatzeko aukera ere bai. Festa antolatzea ez da nolanahiko erronka eta herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa dela ikusi da. Horregatik, guraso, ikasle, irakasle, udala, senide eta herritarren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia aurrera eramatea. Hemendik gure eskerrik beroenak».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!