Hemen dira inauteriak

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 4a, 16:29

Gibel jatearekin eta herriko Otsolar dantza taldearen emanaldiarekin, Lizartzan inauteriei hasiera eman diote.

Ohiturari jarraituz, inauteriak iritsi direla iragarri dute Lizartzan. Gaurkoan gibel jatea eta herriko Otsolar dantza taldearen emanaldia egin da frontoian. Txekorrik ez da izan zuzenean ekitaldian, baina frontoiko paretan zintzilikatutako irudi batek ekarri du gogora. Ekitaldiaren hasieran udalbatzak hartu du bere lekua, eta ondoren 'atsoek' eman diote hasiera ekitaldiari, tartean hiru bertso abestuz. Frontoira joan diren herritarrek ere parte hartu dute kantuan.

Dantza emanaldia oparoa eta dotorea eman dute Otsolar dantza taldeko kideek. 40 dantzari inguru aritu dira, hainbat adinetakoak, eta beraien trebezia erakutsi dute. Tartean, Onditz Esnaola lizartzarrak eta Jurgi Errandonea andoaindarrak emanaldi berezia eskaini dute. Dantza sueltoko hainbat txapelketa irabazi dituzte bi dantzari gazteek. Aipamen berezia ere merezi dute herriko musikariek: Jexux Mari Esnaolaren zuzendaritzapean, zuzenean jo dituzte emanaldiko pieza guztiak. Musikariak, gainera, eskolako haur bezala mozorrotuta egon dira.

Gaurko emanaldia ere aprobetxatu dute lizartzarrek gogora ekartzeko aurten Eskola Txikien festa herrian egingo dela. Saioarn dantza bat eskola txikien abestiarekin osatu dute, eta mahai bat ere jarri dute frontoian bertan, festaren inguruko materiala salduz.

Emanaldia bukatu ondoren, bazkaltzera joan dira partaide guztiak. Festa giroa piztu da dagoeneko Lizartzan, eta hurrengo asteburuan izango du jarraipena. Orduan, mozorroen txanda izango da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!