Lizartzarrak inauterietarako prest

Ataria 2023ko ots. 1a, 07:58

Lizartzako Inauteriak iritsi dira. Larunbatean, otsailak 4, Txekor Eguna izango dute, eta hurrengo asteburuan, otsailak 11 eta 12, ikusi ahal izango dira inauteri dantza bereziak.

Garai bateko ohiturari jarraituz gibel jatearekin hasiko dira Lizartzako Inauteriak. Txekor Eguna izango dute larunbatean eta gibela dastatuz, antzerkia ikusiz eta Otsalar Dantza Taldearen emanaldiarekin emango diote hasiera inauteriei.

Inauterietako asteburua otsailaren 11 eta 12koa izango da, eta egun horietan egingo dute baserriz baserriko puska biltzea lehenik, eta kaleko puska biltzea ondoren. Lehen egunean, larunbatean, inauteri dantzak eskainiko dituzte baserrietan, eta igandean kalean ikusi ahal izango dira inauteri dantzak sortako 10 dantzak. Izan ere, baserriz baserri ibiltzean ez dituzte makil eta pala dantzak eskaintzen.

Dantzariek dantzatzeko, ordea musika da ezinbesteko eta txistulariek garrantzia handia dute Lizartzan. Herriko txistulari zaharrena, XIX.mendean jaio zen Juan Antonio Arozena Zubillaga da, eta Arozena familiako belaunaldi ezberdinek jo izan dute txistua Lizartzako Inauterietan.

Egitaraua

  • OTSAILAK 3 ,OSTIRALETIK AURRERA
    • Liburutegi, ostatuan, Lizar denda, eskola aurrean eta kultur gunean aurreko urtetako argazkiak egongo dira zintzilikatuta.
  • OTSAILAK 4, LARUNBATA
    • 12:00: Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz. Ondoren, antzerkia eta Otsolar Dantza Taldearen emanaldia.
  • OTSAILAK 10, OSTIRALA
    • 14:15: Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren kalejira.
  • OTSAILAK 11, LARUNBATA
    • 07:00: Plazan elkartu dantzari, txantxo, eta txistulariak kalejiran Uetako zubitik denok batera, Diana abestuz hasiko dugu Inauteria.
    • 07:30: Puska-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
    • 10:00: Etxe-zahar baserrian geldialdia.
    • 12:00: Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
    • 13:30sk aldera: Arrateko zubian denok elkartu ondoren, herriko plazan bazkari autogestionatua, ekarri bakoitzak bere bazkaria eta elkarrekin bazkalduko dugu herriko frontoian.
    • 18:00: Frontoitik kalejiran aterako gara plazarantz. Bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak.
    • 18:30: Talo jatea
  • OTSAILAK 12, IGANDEA
    • 10:00: Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
    • 12:00: Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako Inauteri Dantzak Plazan.
    • 14:00: Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik.
    • 15.30: Maddalen Arzallus eta Harkaitz Allurren emanaldia. tartean zozketak eta luzea saria egongo direlarik.
    • 19:30: Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!