Urtarrilaren 7an Bilbora joateko deialdia egin dute Lizartzatik

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 26a, 12:29

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde eta salbuespen neurri guztien kontra egingo dutela azaldu dute Lizartzan elkartu diren herritarrek.

Gari Etxeberria, Aitor Agirrebarrena eta Jon Rubenach oroitu zituzten herritar talde batek igandean Lizartzan. Gabonetako egun hauetan, oraindik etxe askotan hutsuneak daudela gogoratu zuten: «Gertuago daude, bai, gertuago ditugu, bai, eta horrek zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, kalean, ikastetxeetan, eremu politikoan zein instituzioetan honen amaieraren alde elkarlanean aritu garen guztiena».

Bidea hor ez dela amaitzen esan zuten, «asko baitira, legeak dion baldintza guztiak beteta ere, baimenik jasotzen ari ez direnak. Adibidez, 3. graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude». Trabak nabariak direla azpimarratu zuten, eta nondik datozen ere aipatu zuten: «Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan».

Jarraian Aitor Agirrebarrenaren eta Jon Rubenachen kasuak aipatu zituzten:

  • «Aitor Agirrebarrenak, Europako epaitegiaren arabera, Frantzian betetako urteak zigorretik kenduak beharko lituzke. Bere zigorraren erdia betea duela kontuan izanda, 2020ko azarotik 3. graduan egoteko eskubidea zuen, baimen desberdinak lortuz. Ez hori bakarrik, Frantzian betetako 9 urte horiekin 3/4ak beteak lituzke, eta ondorioz, baldintzapeko askatasuna eskuratu eta dagoeneko Lizartzako kaleak zapaltzen egon beharko luke».
  • «Jon Rubenachen kasuan, Frantzian betetako 15 urteak kontutan izanda, baimen eta 3. graduaren bidez, Lizartza eta Burlatako kaleak zapaltzen egon beharko luke».

Horrez gain, Lizartzan bildutakoek bederatzi gradu «erregresio» egon direla gogoratu zuten, eta hori, salbuespen neurriak bertan behera geratzeko bidean, «izugarrizko atzera pausoa» dela esan zuten. Hori nahikoa ez eta 13 preso epaiaren zain daudela jakinarazi zuten: «Entzutegi nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta hau soilik mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu».

Hala eta guztiz ere, euren konpromisoa berretsi nahi izan dute: «Elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez emateko desioa dugun guztion artean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukagu. Ezin dugu bide hau erdizka utzi, eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Hori delako egoera hau eraldatzeko aukera bakarra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!