Elkarrizketa

«Pintatzen ari zarenean horretara zaude, eta lasaitu egiten nau»

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 30a, 11:59

Kulturaldiak irauten duen bitartean, 'Erretratuak' izeneko erakusketa ikusteko aukera izango da Lizartzako udal bulegoan; Juamais Balerdi herritarrak azken ikasturtean egindako olio pinturak jarri ditu ikusgai.

Txikitatik etorritako marrazteko zaletasunari forma ematen jarraitzen du Juamais Balerdik (Lizartza, 1965). Abenduaren 4ra bitarte izango da erakusketa bisitatzeko aukera.

Erretratuz bete duzu udal aretoa. Ze lan jarri dituzu?

Internetetik hartutako aurpegiak dira, figuratiboak direnak, oso koloretsuak. Aurpegi ezberdinak egiten saiatu naiz, estilo berean, tamaina eta neurri antzekoekin, erakusketa osatzeko.

Koloreak ere sarean ikusitakoak mantendu dituzu?

Kolore berdinak ateratzea nahiko zaila da, baina antzekoak lortzen saiatu naiz, berdin-berdinak ez dira izaten, baina hurbiltzen ahalegintzen naiz. Gero, nik neure ukitua ematen diet.

Zein teknika erabiltzen duzu?

Olio pinturak egiten ditut normalean. Kolore gutxi erabiltzen ditut, eta nahasketak egiten ditut gero. Hasieran, kolore askorekin hasi nintzen, eta irakasleak esan zidan kolore batzuk beste batzuekin ere sortu zitezkeela, eta hala ikasi nuen. Horia, gorria, urdina, zuria eta beltza erabiltzen ditut. Kolore horiekin kolore dezente atera daitezke.

Irakaslea izan zenuela aipatu duzu. Zer zabiltza, ikasten?

Orain pentsioduna naiz, eta irakaskuntzan lan egin izan dut. Errenterian hasi nintzen, Eibarren egin nuen lan ondoren, eta azken urteak Zumaian egin nituen. Zumaian nengoela, duela bost urte inguru, depresioan erori nintzen eta asko kosta zitzaidan handik ateratzea. Lana ere utzi nuen eta margotzeari ere utzi egin nion garai horretan. Orain dela hiruzpalau urte berriro hasi nintzen margotzen.

Aurretik ere margotzen zenuen hortaz.

Azpeitira ezkondu nintzen eta hango irakasle batekin larunbatetan hasi nintzen pintura klaseak jasotzen. Oso gustura joaten nintzen. Erretratuez gain, erakusketan jarri ditudan beste bi lanak garai hartan egindakoak dira. Seme-alabak izan nituenean, lan asko xamar zela, eta denboraldi batez utzita egon nintzen. Zumaian hasi nintzenean, 46 urte ingururekin berriro ekin nion margotzeari. Denetarik egiten nuen, paisaiak, natura hilak... pintatzen hasi nintzen, gaixotu nintzen arte.

Pintatzeak lagundu dizu barruak arintzen?

Gaixo nengoela pintura klaseetara joaten nintzen, eta ez nintzen eroso sentitzen. Baina, hobeto aurkitu naizen neurrian entretenitu egiten nau. Pintatzen ari zarenean horretara zaude, eta lasaitu egiten nau. Astean bi aldiz joaten naiz, eta ordu eta erdiz aritzen naiz. Normalean, denbora horretan, buru-belarri aritzen naiz margotzen eta asko laguntzen dit. Beste bi egunetan frantsesa ikastera ere joaten naiz eta hori ere ondo datorkit.

Noiztik datorkizu margotzeko dohaina?

Zaletasuna txiki-txikitatik datorkit. Anaia batek, Naparrak (Iñaki Balerdi), asko marrazten zuen eta hari begira egoten nintzen. Neuk ere asko marrazten nuen, batez ere marraztu, ez pintatu. Kanpora atera eta mahai zapiren bat harrapatzen banuen, zirriborroak eta marrazkitxoak egiten aritzen nintzen, izan boligrafoz zein arkatzez. Zaletasuna hortik datorkit eta emazteak beti esaten zidan probatu egin behar nuela. Lotsa ematen zidan, uste nuelako izugarri margotzen zutenak zihoazela klaseetara. Animatu egin nintzen eta gustura gainera.

Eta jaioterrian erakusketa jartzera animatu zara.

Iaz Iñaki anaiak jarri zuen erakusketa Lizartzan, eta esan zidaten nik ere izango nituela lanak erakusketa bat egiteko moduan. Zerbait egin nezakeela pentsatu nuen, eta azken ikasturtean egindako lanak ekarri ditut.

Zenbat denbora hartzen duzu erretratu bakoitza egiteko?

Hor edukitzen dut erronka irakaslearekin: pazientzia gutxikoa naizela esaten dit. Normalean hilabete batean, astean bi saio eginez, erretratu bat bukatu nezake. Irakasleak esaten dit, margolanaren arabera, denbora gehiago hartu beharko nukeela, baina ni brotxa zabalekoa eta arinekoa naiz, oraingoz. Beste teknika bat ere probatu nahiko nuke, espatularekin egiten dena, eta ea urtarriletik aurrera hasten naizen.

Etxean lan asko dituzu jasota?

Ez pentsa, batzuk baditut jarrita, baina lekua falta zait gehiago jartzeko.

Pinturak zer eman dizu?

Asebete egiten nau, gustura sentiarazten nau. Ikusten dut, gauza batzuk sinpleak izan arren, gai naizela egiteko. Eta egiten dudan bitartean lasaitasun hori izaten dut, beste batek kirola egiten duenean sentituko duena. Askotan azeleratuegi ibiltzen naiz, emaitza ikusteko gogoa izaten dudalako.

Noiz erabakitzen duzu margolan bat bukatuta dagoela?

Aspertzen naizenean. Margolan batekin, nahiko bazenu, urtebete ere egon zaitezke. Irakasleak beti esaten dizu non hobetu dezakezun, zer aldatu... erabaki egin behar da. Erretratu mordoxka bat egin ditut, eta orain beste estilo edo gai batetara pasa nahiko nuke.

KULTURALDIKO EKITALDI GEHIAGO, DATOZEN EGUNETAN

Pasa den asteburuan hainbat jarduera egin zituzten Kulturaldiaren baitan Lizartzan, eta datozen egunetarako ere badituzte hitzorduak. Bihar, esaterako, La Vieja ikus-entzunezkoa proiektatuko dute udal aretoan, 19:30ean, eta Juanma Balerdi herritarra izango da bertan.

Ostiralean, bertso poteoa izango dute 19:00tan, Ostatuan hasita, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran bertsolariekin. Eta larunbatean Mikra zirku garaikideko ikuskizuna eskainiko du Berdinki konpainiak, 17:00etan, frontoian. Hizkuntza gisa lurzoruan eta trapezioan akrobazia erabiltzen duen zirkua da, baita oihalak, antzerkia eta dantza ere.

Kulturaldiko azken hitzordua igandean izango da. Intujai Teatroko Bea Larrañagak Bonba bat naiz antzerkia eskainiko du, 18:00etan, zimiterioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!