Gaur abiatuko dute kulturaldia lizartzarrek

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 24a, 07:57

Abenduaren 4ra bitarte antolatu dute kultur egitaraua Lizartzan; Juamais Balerdiren 'Erretratuak' erakusketa zabalduko dute gaur.

Kulturaldiari ongietorria emango diete lizartzarrek gaur iluntzean. Abenduaren 4ra bitarte, kontzertu, tailer, ikuskizun eta bestelakoak antolatu dituzte Kalamatrike euskara eta kultura taldeak eta Lizartzako Udalak elkarlanean.

Juamais Balerdi herritarraren Erretratuak erakusketa zabalduko dute, gaur, 20:00etan, udal aretoan.

Eta biharko, Gozamenez scape room-a antolatu dute, 13 urtetik gorakoentzat. Izen ematea udaletxean egin beharko da. Hiru saio egingo dituzte, 16:30ean lehena, eta 18:00etan eta 19:30ean hurrengo biak.

Larunbatean, Ruper Ordorikaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Elizan izango da, 19:00etan.

Hurrengo egunean, igandean, hondar tailerra egingo dute, Andoni Baztarregiren eskutik, 16:00etan, frontoian. Antolatzaileek azaldu dutenez, hondarra ekarriko dute, eta eskulanak egiteko aukera izango da tailerrean, «eskultura modukoak egiteko aukera».

Abenduaren 1ean, ostegunean, La Vieja ikus-entzunezkoa proiektatuko dute udal aretoan, 19:30ean. Euskal Fondoko Juanma Balerdi lizartzarra izango da bertan, gaiaren inguruan aritu eta solasaldia egiteko.

Euskararen Egunaren bezpera, ostirala baliatuko dute bertso poteoa egiteko. Herriko ostatuan jarri dute hitzordua, 20:00etan, eta Haritz Mujika eta Oihana Iguaran bertsolariak ariko dira kantuan.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Mikra ikuskizuna eskainiko du Berdinki konpainiak, 17:00etan, frontoian.

Azkenik, abenduaren 4an, igandean, Intujai teatroko Bea Larrañagak Bonba bat naiz antzerkia eskainiko du, 18:00etan, zimiterioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!