ELKARRIZKETA

«Umoreak gatazka bat askatzeko gaitasuna du»

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 30a, 07:59
Nerea Mendizabal eta Itziar Saenz de Ojer. I. SAIZAR

Antzerkiz, umorez, musikaz eta edukiz nahasten den ikuskizun dibertigarri bat sortu berri dute Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta Itziar Saenz de Ojer pedagogoak: Gatazka, ataska edo aska?.

Harremanen kudeaketan oinarritutako ikuskizun bat prestatu dute Nerea Mendizabal psikopedagogo eta komunikazio ez bortitzeko formatzaileak eta Itziar Saenz de Ojer pedagogo eta pailazoak. Gatazka, Ataska edo aska? du izena emanaldiak, eta erlazioen inguruan hausnartzeko begirada umoretsu, kantu eta elkarrizketa saioa da. Uda aurretik estreinatu zuten, Lizartzan, eta plazaz plaza ibiltzeko gogoz daude orain.

Lehen aldia da horrelako lan baterako elkartzen zaretena?

Nerea Mendizabal: Liburuak aurkeztu izan ditudanean Itziarrekin kontatu dut. Pituxa pailazo paperean sekulako ekarpena egiten zion aurkezpenari, eta horrek bultza ninduen elkarlanerako beste zerbait egitera.

Harreman horrek bide eman dio ikuskizun berriari.

Itziar Saenz de Ojer: Nerearen bi libururen aurkezpenean kolaboratu nuen eta oso gustura geratu ginen biok. Gertuko gaiak ditut, eta baita Pituxak ere, eta pentsatu genuen aprobetxatu genezakeela aukera horrelako zerbait egiteko. Zer eta nola egin pentsatzen hasi ginenetik urtebete baino gehiago pasa izango da honezkero.

Mendizabal: Aurkezpenetako harremanez gain, Tolosako guraso eskolan egin izan dugu topo, hamar urte edo izango dira, eta gai batzuetan sintonian aurkitu izanak erraztu egin du proiektuaren norabidea.

Eta zer proiektu abiatu duzue? Zer biltzen du?

Mendizabal: Harreman guztietara irekitako ikuskizun bat da. Azken batean, gatazkak ezinbestekoak dira eta denok izaten ditugu. Gatazken aurrean zer jarrerarekin edo zein abiapuntutan jartzen garen, desberdin egingo diegu aurre, eta orokorrean, gure automatikoak gatazken aurrean ataskatzera eramango gaitu edo egoera hori aldatu nahi izatera, gauzak horrela ez dutela gertatu behar pentsatzera... Trabatze horretan oso ohituta egon gaitezke. Eta ikuskizun honetan beste ikuspuntu bat ematen saiatuko gara. Nire ibilbidean komunikazio ez bortitza landu dudanez, beste zerbait proposatu nahi izan dugu ikuskizunean, egoera horiek askatzeko.



Eguneroko harremanak ditu oinarri?

Saenz de Ojer: Harreman mota ezberdinak islatu nahi izan ditugu emanaldi honetan. Adibide pila bat sartu ditugu, eta egoera bat baino gehiago gorpuzten ditugu. Bikote harremanean sortu daitezken gatazkak daude; gurasoekin, seme-alabekin, ikasleekin, lankideekin sortu daitezkeenak ere badaude. Beraz, arreta berezia jarri dugu harreman mota ezberdinetan. Hala ere, nahiz eta adibide ezberdinak jarri, barruan dagoen funtsa berdina izan ohi da gatazka guztietan.

Zein da funts hori?

Mendizabal: Askotan espektatibak daude, eta bizitza ikusteko modu horretan, zerbait ondo edo gaizki dagoen, zuzena edo okerra den, arrazoia nork duen... Sortzen diren talka horiek ataskatze horretara garamatzate. Komunikazio ez bortitzaren ikuspuntutik landu nahi dena hori askatzea da, arrazoia eta errua nork dituen ikusi ordez, elkarrekiko lotura edo elkar ezagutza hori topatzea da asmoa: ea niri zer gertatzen zaidan eta besteari ere zer gertatzen zaion ikustea. Lotura horretatik irtenbide eta soluzioak etor daitezke, eta norberaren bidea ere errazago egiten da.

 

«Umoreak geure buruarekin bakeak egitea ahalbidetzen digu; izan ere, seriotasunak kulpara eramaten gaitu askotan»


Istorioren bat kontatuz lotu duzue ikuskizuna?

Saenz de Ojer: Ikuskizunak momentu ezberdinak dauzka, nahasten doazenak. Hasieran eta amaieran Pituxa agertzen da, eta tartean, ni neu, Itziar modura ateratzen naiz, eta elkarrizketa formatuan Nereari hainbat galdera egiten dizkiot. Gero, ikuskizunean zehar, Nereak Agurtzanerekin [Auzmendi] batera sortutako abesti batzuk jotzen ditugu. Collage moduko bat da.

Mendizabal: Pituxa ateratzen denean, antzezpen horretan sartzen naiz ni ere. Babesa ematen diot, Pituxak dituen ataskatze horietan laguntzen eta lantzen saiatzen naiz. Batetik, Pituxa eta nire arteko interakzioa dago; gero, Itziar eta nire arteko elkarrizketa dago, eta gauzak argitzen ahalegintzen gara, eta amaieran berriro ere Pituxa eta nire arteko ariketa dibertigarri bat dago.

Umoretik egiten duzue. Gatazkari umoretik heldu ahal zaio?

Saenz de Ojer: Nire ustez umoretik asko du gatazkak. Arazoa da ez dakigula modu horretara ikusten. Eta noski, gatazka batean sartuta gaudenean, oso zaila da umoretik hartzea. Askotan oso serio eta ezkor jartzen gara gatazka baten aurrean, eta umoreak badu askatzeko gaitasun hori, eta gauzei beste leku batetik begiratu eta bizitzari beste bizipoz batetik begiratzeko gaitasuna. Umoreak ekarpen hori egiten dio gatazkari.

Mendizabal: Normalean, gai hauetan sartzen garenean seriotasun, sakontasun eta pisu bat ematen zaio, eta arintasun handia ematen dio umoretik lantzean. Oso konbinazio polita da gai horietan ere umorea txertatu ahal izatea.

Saenz de Ojer: Umoreak geure buruarekin enpatia izatea eta bakeak egitea ahalbidetzen digu. Askotan geure burua zanpatzen dugu seriotasun horretan, eta umoretik guztiok leku berean gaudela ikus daiteke, guztiok egiten dugula ahal duguna eta behintzat goazen barre pixka bat egitera, nahikoa dugulako gure bizitzarekin. Goazen geure buruari bakean bizitzeko baimena ematera, eta esatea hanka sartzen dugula askotan, baina begira diezaiogula umorez. Izan ere, seriotasun horrek askotan kulpara eramaten gaitu.

Ikusleari eragitea da asmoa?

Mendizabal: Hausnarketa eragiteko eta kontzientzia hartzeko moduko zerbait badago. Baina ikuskizun mota honek entretenimendurako ere erraza izatea egiten du, nahiz eta nahi duenak material asko eduki bertan.

Abesti batzuk sortu dituzu eta ikuskizunean entzuteko aukera dago gainera, Nerea.

Mendizabal: Badira pare bat urte, nire lanera gitarrarekin joaten naizela. Aukera ikusten dudanean, musikarekin konektatzen dut. Eta sekulako zortea izan dut lagun bezala Agurtzane Auzmendi alboan izanda, bere erraztasun horrekin, gure tertulietan kontatutako hori abestira pasatzen zuelako, eta pixkana abesti horiei forma ematen joan gara, eta horiek erabiltzen hasi naiz nire lanean. Eta horrela, sei-zazpi abestik ikuskizun honetan beraien lekua eta zentzua dute, lantzen diren gaiekin.

Ikuskizunean gitarra alboan izango duzu beraz.

Mendizabal: Bai, hala da. Baina Pituxak ere hartzen du parte abestietan, ahotsak egiten dizkit. Toke berezi bat ematen dio.

Agurtzane Auzmendiz gain, laguntza gehiago izan duzu musikarekin?

Mendizabal: Letra eta musika sorkuntzan parterik gehien Agurtzanek dauka, eta grabazio kontuetarako Aitor Furundarenarekin lan egiteko luxua izan dut, berak hartu duelako grabazioaren lan hori. Baina baita ere, esku soinuarekin egin dituen moldaketa eta gehigarri guztiak ere Aitorrek egin ditu. Ahotsarekin Agurtzanek lagundu dit, eta gitarrarekin Jon Gomezek ere lagundu dit, eta nire anaia Garikoitz Mendizabalek ere egin du bere ekarpena.

Nori begirako proiektua da?

Saenz de Ojer: Helduei begirakoa da, baina nerabe batek ulertzeko moduko ikuskizuna ere bada. Hasierako ideia helduei zuzentzea zen.

Mendizabal: Ikastetxe batzuk ere agertu dute interesa, eta prest gaude joateko. Iruditzen zait horrelako ikuskizun batera ostiral edo larunbat arratsaldez jarrita, nerabeak beraien kabuz ez direla gerturatuko, baina Matematika eta Historiaren ordez horrelako ikuskizun bat eramaten badute ikastetxera, seguru nago gustura ikusiko dutela, eta on egingo diela.



Lizartzan estreinatu zenuten. Zein feedback jaso duzue?

Saenz de Ojer: Zortea daukagu Lizartzan plaza ireki bat daukagulako. Normalean emanaldi bat prestatzen dudanean, aurreneko saioa bertan egiten dut, eta egia esan jende asko gerturatu zen. Oso harrera ona izan zuen, guztiek abesten bukatu zuten. Egia esan etxean egiteak alde positiboa du, babestua sentitzen zarelako, baina bestetik, igerilekura salto egiten duzun lehen aldian etxekoak izaten dira gogorrenak zure lana epaitzen. Baina oso harrera goxoa izan zuen, sentsazio onarekin amaitu genuen, eroso.

Eta zer asmo duzue proiektuarekin?

Saenz de Ojer: Irekita gaude, edonon egiteko. Formatu txikian egiten dugu. Edozein herri txikitako kultur gune edo liburutegietan egiteko aukera ematen du, eta areto handiagoetan egiteko aukera ere hor dago. Moldagarria da leku guztietarako. Eta publikoa ere era guztietakoa izan daiteke. Behin lan hau hartuta, ahalik eta plaza gehien zapaldu nahi genituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!