ELKARRIZKETA

«Denen bilgune izatea nahi nuke, eta ostatuek eskaintzen dute hori»

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 28a, 11:59

Lizartzako Udalak ostatua goitik behera berritu du eta abuztu amaieratik zabalik dago; plazan bertan egonik, herritarrak eroso bilduko diren leku bat izateko ahaleginetan ari da Miren Marquet kudeatzaile berria eta «gustura» hasi da.

Lizartzako Ostatuak itxura berritua hartu du eta esku berrietan da abuztu amaieratik. Miren Marquet (Tolosa, 1969) da kudeatzaile berria, eta ireki berritan festak pasata, oraintxe ari da lur hartzen, martxari ekiten. Orexako Ostatuan aritu da orain arte lanean eta aldameneko herrian da orain, bere ametsa betetzen.

Orexatik Lizartzara. Nola iritsi zara?

Kasualitatez izan da. Orexan sukaldean, barran, jangelan ibili naiz, denetarik eginez astean zehar, eta asteburuetan jai izaten nuen. Orain Lizartzako Ostatuaren ardura hartuta, asteko zazpi egunetan egiten dut lan, nahiz eta astearteetan itxita izaten dugun.Lehendik ezagutzen nuen ostatuko proiektua, eta iruditu zitzaidan leku aproposa izan zitekeela lanerako. Lizartzako jendea ere ezagutzen nuen aurrez eta herri atsegina denez, animatu egin nintzen.

Zerekin egin duzu topo Lizartzan?

Jendea oso atsegina da eta gogo handiz hartu dute ostatuaren irekiera. Beti laguntzeko prest dagoen jendea da. Ikusi dudanagatik iruditu zait giro polita dagoela, momentuz gustura nago.

Lokala berritu du udalak. Zein aldaketa izan ditu?

Guztia berritu dute, zabaldu eta espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko jarri dute. Distribuzio kuriosoa du lokalak, izan ere, jangelaren eta tabernaren artean goiko etxebizitzetara sartzeko eskailerak daude. Hala ere, guztia bateratzen saiatu dira, eta itxura polita hartu du. Sukalde txikia zuen lehen, eta metro batzuk gehitu zaizkio orain. Eta argitasuna ere zaindu dute, leiho ederrak jarriz eta argiteria atseginarekin. Orain, ni sartzean, dekoratu egin dut eta nire ukitua eman nahi izan diot.

Irekitzerakoan herritarrei galdetegi bat bidali zenien, ostatuari begirako iritzia jaso eta zerbitzurik onena eskaintzeko.

Harremana sortu nahi nuen. Azken batean herriaren zerbitzura egon behar dugu, eta jendeak ostatuari begira zer nolako zerbitzua nahi duen jakitea interesgarria da. Jende askok bete zuen, asko eskertu zuten. Orain beste galdetegi bat pasatzeko eskatu didate, behin irekita egonik, zer hobetu daitekeen jakiteko. Eta eskertzekoa da, errutinan sartzen zarenean ez zarelako zenbait gauzez konturatu ere egiten, eta bezeroak ikusi egiten du zer eta nola hobetu daitekeen. Eta niri okurrituko ez zitzaizkidan ideia berriak ere entzuteko prest nago.

Zein da ostatuan daukazuen eskaintza?

Etxeko sukaldaritza egiten dugu, otorduak prestatzeko garaian. Nire amonaren eta amaren erreferentziaz gidatzen naiz sukaldean aritzerakoan. Plater ezberdinak dauzkagu aukeran, ez dira gehiegi akaso, baina nahikoak direla iruditzen zait. Sasoiko produktuak erabiltzen saiatzen naiz. Asteburuko menu bat egin dugu, oso irekia, horrela, sasoiko barazkiak aste batetik bestera aldatu daitezke, eta beste hainbat gauzekin ere modu berean egin dut, aukera gehiago izateko.

Eta astean zehar?

Eguneko menua eskaintzen dugu eguerdietan, 13 euroan, kafea barne. Asteburukoaren kasuan, 30 eurokoa da menua. Eta eskaripean edozer eskatzeko aukera dago. Sukaldea txikia da eta moldatu egin behar dugu bokatak behar bezala ateratzeko, bestela asteburuetan erotu egiten gara. Hobetzeko baditugu gauzak, probatu egin beharko dugu.

Eta zein ordutegitan zabaltzen duzue?

Astean zehar, astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 21:00etara zabaltzen dugu eta ostiraletik igandera 10:00etan zabaltzen dugu eta afariak eman ondoren ixten dugu.

Ostalaritzan urteetako esperientzia duzu.

Aurretik aitona-amonak zaintzen aritu nintzen eta gero sartu nintzen ostalaritzan. Ez dakit zenbat urte izango diren. Iruran, Donostian, Agurainen eta Orexan aritu naiz, tabernan eta sukaldean. Eta Lizartzan lur hartu dut orain. Nire ametsa izan da nirea den zerbait izatea, eta ea ondo ateratzen den.

Lizartzari zer ekarri dio ostatua zabalik izateak?

Harremanetarako toki bat da. Azken finean, herri batek behar du horrelako toki bat, biltzeko, gauzak egiteko, bestela, batez ere neguan, ez daukate kalean bildu beste lekurik. Goizetan, esaterako, adineko jendea biltzen da kafea hartzeko, eta arratsaldean ere itzuli egiten dira. Lizartzarrek tabernarako ohitura badutela esango nuke.

Pintxoak egiten dituzu?

Baita ere. Patata tortilla, txorizoa, haragi egosia, salda... betiko pintxoak egiten ditugu.

Nola hartu zaituzte lizartzarrek?

Oso ondo, momentuz harrera oso ona izan da, nahiz eta zenbait gauza ez ditugun oso ondo egin. Baina ulertu gaituzte, festekin hasi gara lanean eta badakite eromena izan dela.

Kanpotik badator jendea?

Tolosa ingurutik jende asko dator. Festak izanik nahiko beteta izan dugu eta jendeari ezezkoa ematen ere aritu gara. Dena ezinezkoa delako. Eta Orexako Ostatuan lan egin izanak ere lagundu didala esango nuke. Orexakoa ezaguna egin da eta nire ustez bidea ireki digu ostatu guztiei. Pandemiak ere asko lagundu du. Jendeak aire librean denbora pasatzea bilatu du, herri txikietara joatea.

Aurrera begira, nolakoa nahiko zenuke izatea Lizartzako Ostatua?

Toki goxo bat, etortzeko erosoa dena eta lasaia. Denen bilgune izatea nahiko nuke, eta zentzu batean ostatuek eskaintzen dute hori. Adin guztietako jendea biltzen da, elkarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!