Mendiz Mendi Etxera ibilaldia, irailaren 24an

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 16a, 12:35

Lizartzako Mendiz Mendi Etxera mendi ibilaldian izena eman nahi duenak Kirolproba.com helbidean egin dezake edota gaur eta irailaren 22 eta 23an Lizartzan bertan apuntatzeko aukera izango du, 20:00etatik 21:00etara, ostatu ondoan.

Lizartzak dituen paraje eta mendiez gozatzeko aukera izango dute parte hartzen dutenek, eta bide batez, lizartzarrak diren baina preso dauden herritar eta haien senideei elkartasuna adieraztea da helburua. Hala adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioak lau ibilbide izango ditu. Luzeena 35 kilometrokoa izango da, 2.200 metroko desnibel positiboarekin; gero, 18 kilometrokoa, 1.100 metroko desnibelarekin; ondorengoa 10 kilometrokoa, "gaztetxoentzat egokia", Otsabiora igo eta jaitsiaz, eta laburrena 3 kilometrokoa, "familia giroan egin ahal izateko".

Lau ibilbideetan hainbat kontrol gune egongo dira, eta jatekoak eta edariak jarriko dituzte. Eta aurten ere, mendizale zein herritarrentzat arroza eta makarroiak prestatuko dituzte plazan. Ibilbidea osatzen dutenen artean, hainbat opari zozkatuko dira. Eta haurrek ere izango dute dibertitzeko aukera, puzgarri eta ohe elastikoak izango dituzte, "egun ederra pasatzeko aukera paregabea".

Mendi ibilaldian parte hartu nahi duenak Internet bidez egin dezake, Kirolproba.com helbidean. Edo bestela, gaur eta irailaren 22 eta 23an Lizartzan bertan apuntatzeko aukera ziango da, 20:00etatik 21:00etara, ostatu ondoan. Mugikorrez 638 889 163 zenbakiarekin harremanetan jarrita eta Bizum zerbitzua erabiliz ere apuntatzeko aukera izango da.

Ibilbideak:
  • 35 kilometro. 07:00etan, plazan.  Otsabio, Añi, Urkita, Ulizar, Uli eta Larte mendietatik pasako dira. Frontala eramatea gomendatu dute. Ibilbidean zehar hainbat anoa gune egongo dira, eta Ulin txorizoa, haragi egosia eta salda ere izango dituzte. Prezioa: 21 euro.
  • 18 kilometro. 08:00etan, plazan. Otsabio, Añi eta Narbaitzu mendiak ukituko dituzte. Anoa guneak jarriko dituzte ibilbidean zehar. Prezioa: 16 euro (2010 arte).
  • 10 kilometro. 09:30ean, plazan. Anoa gune bat izango dute. Prezioa: helduek 12 euro eta gazteek 8.
  • 3 kilometro. 10:30ean, plazan. Anoa gune bat izango dute. Prezioa: helduek 12 euro; 2008tik gorakoek 6 euro eta 2019tik aurrerakoek doan.

Mendi martxan izena ematen duenak, bazkaria ere barne izango dute. Nahi duenak dutxak izango ditu frontoian, eta herrian bertan aparkatzeko aukera egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!