Lizartzako Kimua enpresa bisitatu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 14a, 14:17

Olanok adibide bezala jarri du Kimua Group eta "Gipuzkoako enpresa sareak egungo ziurgabetasun egoerari aurre egiteko duen gaitasunean konfiantza" agertu du diputatu nagusiak.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Iker Estensoro Ekonomia Sustapeneko zuzendariak Kimua Groupen Lizartzako instalazioak bisitatu dituzte gaur. Bilera bat izan dute Iñaki Oreja enpresako kudeatzailearekin eta haren taldearekin. Bisitan, zuzenean ezagutu dituzte enpresaren proiektuak. Izan ere, enpresa 2011n BIC Gipuzkoaren laguntzarekin sortu zen eta "estatu mailan erreferente bihurtu da karga handiak manipulatu, altxa eta garraiatzeko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan, hainbat sektoretako bezero entzutetsuekin lan eginez, hala nola trenen, altzairuaren, aeronautikaren, instalazio zientifiko handien edo energia eolikoaren sektoreetakoekin" azaldu dute foru aldunditik.

Markel Olanok ondorengoa adierazi du bertan: "Kimua da Gipuzkoakoa bezalako enpresa sare baten adibide argia, alegia, ziurgabetasun egoeran egon arren, etorkizunera begiratzen du proiektu berriekin, nortasun argiarekin, eta mundu mailan etorkizun handieneko sektoreetan posizionatuta".

Gipuzkoako foru aldunditik zabaldu dituzten datuen arabera, ingeniaritza aurreratu gisa jaio zen enpresa hau 40 pertsonako lantaldeak osatzen du, eta makinak diseinatu eta fabrikatzea, ‘renting’-a edo segurtasunaren inguruko prestakuntza bezalako zerbitzuak eskaintzen ditu. Bere instalazioetan estatu mailan kapazitaterik handienetakoa duen entsegu bankua dauka, ‘Lamia’ delakoa. Horren bidez, 1.000 tona arteko karga pisutsu, handi edo delikatuekin testak egin ditzake. Etorkizuneko planen artean dago nazioartean ere erreferentzia izateko banku horren gaitasuna handitzea. ‘On shore’ sektore eolikoan aktore gisa finkatuta, aurten ‘off shore’-an ere sartu da, bere arloan Estatuko konpainia aitzindari izanik pauso hori ematen.

 
Lizartzatik mundura

Kimuak Group-en ezaugarriekin jarraituz, emandako jauzia azpimarratu dute: "Beste bereizgarrietako bat da kanpoan duen presentzia, jardueraren % 50 baino gehiago atzerrian egiten baitu, Alemanian, Frantzian, AEBetan, Indian, Japonian edo Australian, esaterako. Bezeroen artean multinazionalak daude, hala nola Acciona, General Electric edo Siemens, edo puntako azpiegitura zientifikoak, hala nola CERN edo ITER. Ekodiseinuaren, ingurumen aztarna murriztearen, kalitatearen eta trazabilitatearen aldeko apustua da beste ezaugarri bat; bezeroen zehaztapenak errespetatuz, eta nazioarteko araudirik zorrotzenak betetzen direla bermatuz. Hala, kudeaketa eta fabrikazio mailako ziurtagiri guztiak baditu, ‘KIMUALITY’ deritzoten filosofiarekin bat".

Konpainiak I+Gko atal bat duela ere aipatu dute aldundiko iturriek, eta "atal horretan lantzen ditu enpresaren dibertsifikazioa eta produktu eta zerbitzu berrien diseinua. Horren adibide da Kimubil 2.0 proiektua, aldundiak mugikortasun berria sustatzeko abian jarritako ‘Smart Mobility’ laguntzen aurtengo deialdiko 15 onuradunetako  bat". Jakinarazi dutenez, foru erakundeak 690.000 euro bideratu ditu aurtengo deialdira: "Proiektu horrek kargen elektromugikortasunerako patinete elektriko industrialen bigarren belaunaldi bat lantzen du. Merkatuko teknologiarik berrienak baliatzen ditu, fabrikazio alternatiba azkarragoa, ekologikoagoa eta optimizatuagoa ezartzen du, gutxi kutsatzen duten materialekin, eta joan-etorriak erraztuz, isuritako karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko".

Iñaki Oreja enpresako kudeatzaileak azaldu duenez, "pertsonen aldeko apustua da, faktore giltzarri gisa, konpainiaren beste ezaugarri bat; egitura horizontal eta lankidetzazkoen alde egitea, langileen erabakiak txertatzea ahalbidetzeko, eta langileen ongizatearen, hazkunde profesional eta pertsonalaren alde egitea, hizkuntzetan eta beste trebetasun batzuetan oinarritutako banakako prestakuntzaren bidez, edo aisiarako eta euskara eta euskal kultura sustatzeko jardueren bidez". Kimua dantza kolektiboa izeneko dantza-talde bat sortzen lagundu dutela ere esan du Orejak, "baita musika-disko bat grabatzen ere". Era berean, enpresak zero kilometroko produktuak hornitzen dituela jakinarazi du kudeatzaileak. 

"Filosofia horri esker, giza taldea indartu ahal izan dugu, motibazioa hobetu, eta lehiakorrak izan gara talentua erakartzeko enpresa handiagoen aurrean", enpresako arduradunaren hitzetan. Eguneroko zereginean bi ezaugarri goraipatu ditu: "Gure filosofiaren oinarria da inori mugarik ez jartzea, gure taldea osatzen duten guztiek proiektuaren mesedetan mugarik gabe eboluzionatu ahal izan dezaten bilatzea. Eta bestetik, frogatzea posible dela pertsonak ardatz nagusi dituen beste kudeaketa-modu bat".

Markel Olanok, azkenik, adierazi du Kimua Groupen ibilbideak erakusten duela, "lurraldearekiko, pertsonekiko eta balio sendoekiko konpromisotik abiatuta, gure enpresak gai direla munduko merkatuan bidea irekitzeko eta aintzatespena eta prestigioa lortzeko, puntako produktu eta zerbitzuak eskainita. Nazioartekotutako ETEen adibide bat da, teknologikoki aurreratua, eta mugikortasuna eta energia garbiak bezalako sektoreetan sendotzen ari dena, funtsezkoak baitira arlo horiek egungo trantsizio energetikoaren aurrean. Trantsizio horrek aukera berriak irekitzen ditu enplegua eta aberastasuna sortzeko, eta aprobetxatu egin behar ditugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!