Arrizabalaga-Zabalak ezin izan dute Aldai-Capellanen aurka

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 25a, 13:05

Lekeition izan du Laboral Kutxa Udako Torneoak bere bigarren geldialdia eta bertan Amaia Aldai eta Andrea Capellanek oso momentu onean daudela berretsi dute, Arrizabalaga-Zabalaren aurka 22-13 irabazi eta txapelketako lidergoa eskuratuta.

Jaialdiko lehen partidan, Irati Zabala lizartzarrak parte hartu behar izan du, Uxue Osesen ordez, Olatz Arrizabalagaren atzelari lekua, baina ezer gutxi egin ahal izan dute Amaia Aldairen erakustaldiaren aurrean. Dimakoak beste erritmo bat jarri dio partidari, beste martxa bat duela erakutsi du eta Santi Brouard pilotalekuan gainera, asko asmatu du errematean. Ezin esan Arrizabalaga eta Zabala lizartzarrak partida txarra jokatu dutenik, baina aurkariak dezente gehiago izan dira.

Erasun jokatu gabe

Bigarren partidan Leire Garai eta Nora Mendizabal –Itxaso Erasun zizurkildarraren ordezkoa– 22-16 gailendu zaizkie Etxegarairen ordez aritu den Olatz Beitia eta Enara Gaminderi. Partida oso gogorra jokatu dute eta lau pilotariak ere oso gazteak izanagatik, azkenerako Garai eta Mendizabalek eskarmentu gehiago erakutsi dute eta sailkapeneko bigarren postura igo dira garaipena lortuta.

Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia Bastidan jokatuko da, abuztuaren 3an, arratsaldeko 19.30etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!