Dantzatzen duen herria da Lizartza

Jon Miranda Labaien 2022ko ekainaren 4a

Bederatzigarren aldiz antolatu du Otsolar dantza taldeak Erromeri Eguna Lizartzan. Eguerdian emanaldia eskaini dute dantzariek, herriko plazan.

Goizean abiatu da Otsolar dantza taldeak Lizartzako Udalaren babesarekin antolatzen duen Erromeri Eguna. Bederatzigarren aldia dute antolatzen dutena. Goizean kalejira egin dute herriko dantzariek eta 13:00 aldera plazan bildu dira jendaurrean emanaldia egiteko. Otsolar dantza taldekoekin batera Udaberri dantza taldekoak ere aritu dira. Zuberoako Maskaradako dantzak eta Arratiakoak dantzatu dituzte dantza ikuskizunaren hasieran eta bukaeran.

Otsolar dantza taldeko adin ezberdinetako dantzariek, besteak beste, agurra, sorgin dantza, banangoa, zaku zaharrak, Lantzekoa, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Emanaldiaren ondoren, bazkaria egin dute.

18:00ak aldera trikiti doinuek alaituko dute plaza, Elustondo anai-arrebekin. Dantza zaleak direnak erromerian ibiltzeko aukera izango dute, eta jan-edana gehiago gustatzen zaionarentzat ere izango da aukera: 19:00etan sagardo eta pintxo dastaketa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!