Otsolar dantza taldeak beste urte batez antolatu du Erromeria Eguna, Lizartzako Udalaren laguntzarekin. Larunbat honetan izango da, eta egun guztiko egitaraua antolatu dute.
Bederatzigarrenez ospatuko dute. Malentxo Arrospide Otsolar dantza taldeko kideak azaldu duenez, ikasturte amaieran «festa giroko zerbait» egiteko nahi horretatik hasi ziren Erromeria Eguna ospatzen. "Dantzariak, dantza zaleak, dantzatzeko zein bazkaltzeko, festan eguna pasatzeko asmoarekin jarritako eguna da".
Larunbatean, 12:00etan hasiko dute eguna, herrian zehar egingo duten kalejirarekin. "Kale nagusian zehar musikaren laguntzaz egingo dugu kalejira, hemen gaudela adierazteko eta Erromeria Eguna dugula gogorarazteko". Ondoren, 13:00etan plazan elkartuko dira eta Otsolar eta Udaberri dantza taldeetakoek emanaldia eskainiko dute.
Udaberrirekin "aspalditik" du harremana Otsolar dantza taldeak, Arrospidek azaldu duenez: "Gure dantza taldearen sorreran Udaberriko dantza irakasleak izan genituen erakusten eta laguntzen, eta geroz ere harremana mantendu dugu". Udaberrik Dantzari Txiki Eguna Tolosan antolatzen duenean, esaterako, lizartzarrek parte hartzen dute, eta Erromeri Egunerako gonbidapena jasotzen dute bueltan.
Emanaldiaren ondoren, bazkaria izango dute. Gaur izango da azken eguna txartelak erosteko. Lizar dendan, Itzala kafetegian edo udaletxean erosi ahalko dira. "Nahiz eta dantza taldekoak ez izan, edonork izango du aukera festan parte hartzeko".
18:00ak aldera trikiti doinuek alaituko dute plaza, Elustondo anai-arrebekin. Dantza zaleak direnak erromerian ibiltzeko aukera izango dute, eta jan-edana gehiago gustatzen zaionarentzat ere izango da aukera: 19:00etan sagardo eta pintxo dastaketa izango da.
Otsolar dantza taldetik herritarrak zein ingurukoak gonbidatu dituzte Lizartzara, erromeria giroko eguna pasatzera, eta garaiko euskal jantziekin parte hartzeko gomendioa egin dute.