Lizartzako Agour Etxea gaztandegia inauguratu du lehendakariak

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 6a, 14:35

Heletan duela 40 urte sortu zen Agour Etxea gaztandegiak proiektua indartu eta zabaldu egin du Lizartzan. Lantegi berrian gazta berriak egitearen aldeko apustua egin dute, besteak beste, Idiazabal gazta eta gazta urdina eginez. Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur goizean, Lizartzako Agour Etxea gaztandegian izan da instalazio berriak inauguratzen.

Iñigo Urkullu lehendakariak Agour Etxea gaztandegiaren Lizartzako instalazio berriak inauguratu ditu, gaur goizean. Instalazio berriak bisitatu dituzte bertaratu direnek, eta gaztak nola egiten dituzten ikusteko aukera izan dute. Zanpantzarren erritmora eman diote ekitaldiari hasiera, eta ez da falta izan trikiti doinurik, eta ezta bertsorik eta dantzarik ere.

Jean Etxelekuk sortu zuen Agour Etxearen ordezkariekin batera, bertan izan dira, besteak beste, Lizartzako alkatea Iñaki Azpiroz eta Tolosako alkatea Olatz Peon. Artzainak, Gaztaren Nazioarteko Ligaren kideak,  kofradietako kideak, eta beste hainbat sektoretako ordezkariak ere Lizartzan izan dira.  

Lehendakariak artzaintzaren sektoreak duen garrantzia azpimarratu du: "Artzaintzak hainbat eginkizun betetzen ditu gure gizartean: ekonomiarekin lotuta bai; baina baita paisaiarekin, kulturarekin edo ingurumenaren zaintzarekin ere". Artzaintzari merezi duen aitormena eskaintzen zaiola Agour Etxean adierazi du Urkulluk, eta gaineratu du: "Artzaintzari zor diogu goi mailako ardi esnea gozatu ahal izatea”.

Bestalde, Urkullu lehendakariak esan du esne sektorearen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela errentagarritasuna eta gizartearen onarpena uztartzea, eta "bi oinarri horiek elkartzen dira gaur aurkezten den proiektu berri honetan".

Agour Etxeak artzaintzaren kultura jaso eta esnea ardatz hartuta, esnekien dibertsifikazioa bultzatzen duela azaldu dute ekitaldian. Produktu bat baino gehiago ekoizten dituzte, herritarren eskura jarriz. Zentzu honetan, lehendakariak nabarmendu du Agour Etxea "artzaintza eta esne sektorea bultzatzeko, kalitateko esnekiak eskaintzeko jaio da, eta baita gure kultura, bizimodua, garapena eta nortasuna indartzeko ere". Lehendakariak, “iragana eta etorkizuna, natura eta ekoizpena, artzaintza eta esnekien dibertsifikazioa, elkartzen dira etxe honetan. Baita gure herriaren Iparraldea eta Hegoaldea ere”, azaldu du.

Gaurko inaugurazio ekitaldia dominak banatzeko ere baliatu dute. Kofradia-Le Guilde des Fromagers elkarteko kide berriei banatu dizkiete domina.

Hasieran aipatu moduan, Agour Etxea duela 40 urte sortu zuten Iparraldean, zehazki, Heletan. Urte guzti hauetan gaztandegia handituz joan da, eta Iratin lantegi berri batekin negozioa handitu ondoren, iritsi da Tolosaldera. Eta Agour markaren barruan, esnekiez gain,  urdaiazpikoa eta era guztietako hestebeteak ere merkaturatzen dituzte, baita artisau-gozogintza ere, Casa Eceiza bere taldean sartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!