Dinamizatzaile baten laguntzaz gazteentzako saioak egiten ari dira Lizartzan

Ataria 2021eko urriaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika zerbitzuaren bidez ari dira saioak egiten; azaroaren 4an izango da datorrena.

Lizartzako 12 eta 17 urte bitarteko nerabeak dinamizatzaile batekin ari dira elkartzen, beraien interesak zeintzuk diren adierazi eta aisialdiaz gozatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztematika zerbitzuaren bidez ari dira saioak egiten.

Aurreko astean egin zuten lehen saioa eta datozenak azaroaren 4an, 10ean, 19an eta abenduaren 2an izango dira. Esmeralda Caballero Lizartzako gizarte langileak azaldu duenez, herri txikietako nerabeak herri handiagoetara joaten dira aisialdian, "gure kasuan, Tolosara". "Herria hutsik gelditzen zaigu eta saio hauekin, asmoa da, herriko gabeziak identifikatu, beraien arteko harremanak aztertu eta beraien burua herrian nola ikusten duten lantzea". Hori, hezitzaile baten laguntzaz egiten ari dira.

Saio horietan, zeharka, feminismoaren gaia ere lantzen ari direla esan du Caballerok. Denera, momentuz, zortzi nerabek eman dute izena, eta pozik agertu da gizarte langilea: "Agian foru aldundiak egitasmoa luzatu egingo du, izan ere, guk ez daukagu nahikoa baliabide pertsona bat lan horretara bideratzeko, beraz, espero dugu behar hori badaukagula ikustea; ea laguntzen gaituzten".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!