Markagailua iraultzetik gertu izan da Jaka

Ataria 2021eko urriaren 12a

21-5 galtzen joan da lizartzarra Mikel Urrutikoetxearen aurka; 13 tanto jarraian egin ondoren 22-18 galdu du.

Lau eta erdiko txapelketako lehen partida jokatu du Erik Jakak, final-laurdenetako ligaxkakoa. Tolosako Beotibarren neurtu dituzte indarrak Baikoko bi pilotariek eta ikusgarria izan da.

Partidan lehen zati luzean bizkaitarrak eman dio ikusgarritasuna lehiari. Ondoren, lizartzarra izan da pilotalekua sutan jarri duena, 21-5ekoa iraultzetik gertu izan baita.

Jakari jokoan sartzea kosta egin zaio, edo Urrutikoetxeak ez dio utzi. Jaun eta jabe izan da bizkaitarra jokoan eta markagailuan. Partida erraz irabaziko zuela zirudien, baina orduan etorri da Jakaren ikuskizuna. 16 tanto atzetik joan arren, ez du galdutzat eman lehia eta tantoz tanto artekariak ere zutik jarri ditu.

18-21ekoan, ordea, sakez falta egin du eta hortxe joan zaio partida, Urrutikoetxearen zoramenerako.

Datuei begiratuta, 219 pilotakada izan ditu partidak. Urrutikoetxeak hamalau egin ditu eta zazpi galdu. Jakak egindakoak hamaika izan ditu eta galdutakoak zortzi.

Ligaxkako hurrengo partida berriro ere Tolosako Beotibarren jokatuko du Erik Jakak, urriaren 18an, astelehenean. Unai Laso izango da lizartzarraren aurkaria.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!