Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldia, Lizartzan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 27a, 19:59

Gaur betetzen dira 46 urte Francok aginduta Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, eta Sortuk data baliatu nahi izan du «haien borrokak bizirik jarraitzen duela» aldarrikatzeko.

Francok aginduta 1975. urteko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki eta Otaegi, eta Sortuk gogoan izan du data hori Lizartzan. Manifestazioa eta ekitaldia deitu ditu, eta herritar ugarik egin du bat. «Gaur, 46 urte geroago, Txiki eta Otaegiren eta gure herriaren askatasunaren alde eroritako hainbat borrokalariren Euskal Herriak eta haien borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu», esan du manifestazioa bukatuta egindako ekitaldian. Gertakari hartatik ia mende erdia pasa bada ere «lehengo eta oraingo abertzaleon borrokak» bizirik jarraitzen duela esan du alderdiak eta gehitu «baina gure herriaren askatasuna ukatzen dutenek lehengoan jarraitzen dute, indarrez ezarri zuten zapalkuntza indarrez mantendu nahian. Indarrez, kriminalizatuz eta beren epaitegi berezien bitartez memoriarako eskubidea ukatu nahi digute; beren indarkeriak zapaltzen duen herri honi izateko eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, beren indarkeriaz eragin dituzten eta eragiten dituzten kaltetuen eskubideak ukatuz».

Txiki eta Otaegiren jarduna gogoan, haien eta beste askoren borrokaren irakaspena argi duela esan du ere: «Herri txiki bat izan nahi dugu, inor zapaldu gabe, inoren inposiziorik gabe». «Haiek gogoan izanez, haien ereduari jarraitu nahi diogu, gizarte justu bat lortu arte. Aurreko haien leloak dio: Asko gara, bil gaitezen. Herriak soilik aska dezake herria, baina horretarako herriak bere burua antolatu behar du, bere indarrak ahalik ongien baliatzeko. Jarrai dezagun horretan, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte». Gaurko deialdia urtero mantendu nahi  duela esan du ere, Sortuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!