Xubane Uribarrena omendu dute Lizartzan

Leyre Carrasco 2021ko ira. 26a, 15:39

Aurten Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu aurraunlari lizartzarrak Donostia Arraun Lagunak klubarekin batera, eta gaur omenaldia egin diote herriko plazan.

Jendetza bildu da Lizartzako plazan Xubane Uribarrena arraunlariari omenaldia egiteko. Euskotren Ligan eta Kontxako Banderan aurtengo irabazleetako bat izan da, Donostia Arraun Lagunak klubarekin batera. Gauzak honela, urte guzti hauetako lana eta bere esfortzua aitortu nahi izan diote Lizartzako herritarrek gaur prestatu dioten ekimenean.

Otsolar Dantza Taldeko dantzariak eta Amets Esnaola abeslariak parte hartu dute ekimenean. Otsabio Kirol Elkartea ere izan da bertan, eta elkartekoen eskutik Imanol Soroa lehendakaria igo da oholtza gainera oparia ematera.

Lizartzako herritarrek ere Uribarrenaren eskutik oparia jaso dute –Donostia Arraun Lagunak klubeko kamiseta, hain zuzen–, eta hitz batzuk eskaintzeko tartea ere hartu du: "Emakume izanda lortutako guztiak meritu bikoitza du. Arraunarekin ametsa bat bete dut, txikitatik nuen amets bat, alegia. Txikitatik joan izan ohi naiz familiarekin estropadak ikustera, eta azkenean, aurten hori lortzea zer den sentitzeko aukera izan dut, eta zein modutan gainera, Liga eta txapelketa guztiak irabazten eta Kontxan errekorra egiten. Kristona izan da".

Hori guztia lortzeko ordea, atzean lan, denbora eta esfortzu ugari dagoela kontatu du: "Aurtengo guztia lortu ahal izateko hamar urte daude atzean, hamaika hilabete eta astean sei egun entrenatzen. Hemen gaztetxoei esan nahi diet benetan ametsen bat baldin badaukate, amets horrengatik borrokatzeko. Amestea librea da, baino ametsak lortzeko landu egin behar dira. Horiek landuz gero, ezer ez da ezinezkoa izango".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!